Emaitza eta sentsazio onen bila
Gernika RT-Getxo RT taldeak La Unicaren kontra jokatuko du zapatuan. Talde jokoari eustea eta lantaldeko erlazioak indartzea bilatzen dute gernikarrek, azken hiru jardunaldiei begira.
Gernika RT-Getxo RT taldeak La Unica hartuko du zapatu honetan [otsailak 12], Urbietan. Gernikarrek konfiantza handiagoz hartzen dute norgehiagoka hori, talde iruñarraren zelaian jokatu zuten partiduan jaun eta jabe izan baitziren. La Unica, Emakumezkoen Euskal Ligaren barruan, talde sendoa dela onartu arren, gernikarrek esperientzia urriko lantaldea topatu zuten Iruñeko zitan. Izan ere, La Unicak bere jokalari lantaldea eraberritu egin du, eta, ondorioz, partiduan aritutako jokalari gehienak taldera sartuberriak dira.
Gernika RT-Getxo RT taldeak, beraz, “aurkariaren zalantzak eta taldearen berritasuna” aprobetxatu zituen, hasiera-hasieratik partiduaren ardura hartu, eta haien talde dinamika sendotzeko. Dinamika eta lanerako molde horiek zuztartzea, hain zuzen ere, gernikarren eta getxoztarren jomuga nagusia zen.
Adierazi dutenaren arabera, denek batera hiru entrenamendu saio bakarrik eginda, elkarrekin jokatzen zuten lehendabiziko partidua izan zen, eta, horrenbestez, “ez zuten elkar hainbeste ezagutzen“; elkarren ezagutza horrek, hasieran, “beldurra eta ardura” sortu arren, partidua abian jarri bezain laster “dinamika oso positibo” batean murgildu ziren.
Datozen norgehiagokei dagokienez, La Unicaren aurkakoaz gain, beste bi jardunaldi geratzen zaizkie, biak ala biak martxoan. Lehenengo, Durangoren kontra arituko dira, eta, ostean, Elorrioren aurka. Jokalariek “zelaian eta zelaitik kanpo elkar ezagutzen jarraitzea” dute aurrerantzerako helburu, bakoitzaren jokatzeko modua uztartzeko bidean.
Zelaian eta zelaitik kanpo elkar ezagutzen jarraitzea dugu helburu
Ildo horretan, Getxotik etorritako jokalariak “gazteenak” direla argitu dute, eta horrek asko erraztu du Gernikako jokalari beteranoenen estilora hurbiltzea eta beraien jokatzeko moldera egokitzea. Egokitzapen hori lortzeko, gainera, zelaitik kanpo ere ekintzak egin dituzte elkarrekin, taldearen batasuna lortu asmoz.