Itzulia Busturialdeko errepideetatik pasatuko da
Aurtengo edizioko bosgarren etapa, besteak beste, Gernika-Lumotik eta Lekeitiotik igaroko da.
2022ko Itzulia Basque Country lasterketa Busturialdetik igaroko da Zamudion hasi eta Mallabian amaituko den bosgarren etapan.
Gaur aurkeztu dute World Tour mailako konpetizioaren aurtengo edizioa, Hondarribian. Lasterketa udalerri horretatik abiatuko da, hain zuzen ere, apirilaren 4an. Aurkezpen agerraldian Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazu, Itzuliaren zuzendari Julian Eraso eta lasterketako zuzendari tekniko Roberto Laiseka izan dira, 2022ko edizioaren nondik norakoak plazaratzeko.
Txirrindulariak norgehiagokako bosgarren egunean ibiliko dira Busturialdean barrena. Saio hori Zamudioko parke teknologikoan hasiko da, eta Mallabian amaitu. Tartean, 163 kilometro egin beharko dituzte, ibilbide gorabeheratsuarekin; lasterketa, besteak beste, Gernika-Lumotik eta Lekeitiotik pasatuko da. Etapa horrek esprint berezi bi eta bost mendate puntuagarri izango ditu: hirugarren mailako lau (Bedarona, Gontzagaraigana, Trabakua eta Karabieta) eta bigarren mailako bat (Paresi).
Mallabiako etapa bukaera, antolatzaileen arabera, “zaleentzat erakargarria eta ziklistentzat esplosiboa” izango da; helmuga, hain zuzen, kilometroa ingurua eta %16ko penditza duen aldapa batean kokatu dute. Hurrengo etapan ere Lea-Artibain barrena ibiliko dira parte hartzaileak. Seigarren saio hori Eibarren abiatuko da, eta Arrateko santutegian izango dute ziklistek helmuga lerroa. Zazpi mendate puntuagarriko ibilbidean zehar, Etxebarriatik pasatuko dira, Urkaregi mendaterako bidean.
Mallabiako etapa bukaera zaleentzat erakargarria eta ziklistentzat esplosiboa izango da
Era berean, antolakuntzak nazioarteko sailkapeneko txirrindulari esanguratsuenak Hondarribiko irteeran egongo direla aurreratu dute, besteak beste, Primoz Roglic, Jonas Vingegaard eta Alejandro Valverde. Txirrindulari euskaldunei dagokienez, Bahrain-Victorious taldeko Pello Bilbao gernikarra da Itzuliko parte hartzea konfirmatu duen txirrindulari bakarretakoa, baina antolakuntzako ordezkariek Ineos-Grenadiers taldeko Omar Fraile eta Jonathan Castroviejo bizkaitarrak ere irteera lerroan egotea espero dutela adierazi dute.