Torturaren kontrako astea, Astran
'Torturarekin bizi' margo erakusketa ikusgai dago kulturarako fabrika sozialean domekara bitartean, eta zenbait testigantza partekatuko dituzte, barikuan [otsailak 11].
Otsailaren 13a da Torturaren Aurkako Eguna, eta torturatuak izan zirenak gogoratuko dituzte aste honetan Astran. Domekara bitartean, Rosi Arana gernikarraren Torturarekin bizi margo erakusketa ikusgai egongo da kulturarako fabrika sozialean, eta barikuan 19:00etan solasaldia antolatu du Jardun Koordinadorak; Aranak bere esperientzia kontatuko du beste bi herritarrekin batera. Koordinadorak zehaztu duenez, “indar errepresibo desberdinek” torturatu zituztenen testigantzak zuzenean entzungo dituzte bertaratzen direnek.
Euskal Herrian tortura hainbat aldiz aipatutako gaia den arren, “Euskal Herri langileak ez du iraganean gertatutakoa ahaztu gura”. Jardun Koordinadorak dio tortura frankismo garaiko – trantsizioko zein geroko– “subjektu iraultzaileen” aurkako eraso bat dela: “Kolore desberdinetako txakurrek burututako erasoa da tortura. Estatu zapaltzaileek baliatzen duten tresna errepresibo baten iruditegiaren zati bat da tortura. Etapa desberdinetako militante, laguntzaile zein arbitrarioki atxilotzen zuten pertsona ugarik jasan dute”.
Tortura gauzatu izanaren arrazoiak ugariak izan dira, baita tortura motak ere, “bata bestea baino krudelagoak”: poltsa, bainera, elektrodoak, bortxaketak, drogak, kolpeak zein tortura psikologikoa. Hori dela eta, ez dute gura iraganean gertatutakoa ahaztea eta oroitzeko erakusketa eta saioak prestatu dituzte: “Hala ere, oroimena ez da oroimenera mugatu behar, beharrezkoa da oroimena gaur egungo mugimendu iraultzailean txertatuta egotea, borroka delako omenaldirik handiena. Argi izan behar dugu Euskal Herri langileko herritar ugari torturatu egin zituztela eta zalantzarik gabe tortura erabiliko dutela beren interesek arriskuan ikusten badituzte”.
Zenbaki “errealak izan ez arren”, euskal memoriak 4.716 tortura testigantza dauzka dokumentatuta: “Gauza bat da torturatua izatea eta beste bat tortura jasan izana salatzea. Ez ditzagun ahaztu torturaren ondorioak eta polizia indarrek duten zigorgabetasuna”.
Aranaren margolanak
Duela hamar urte margotutako obrekin tortura ez dela “ziegan ahaztuta geratzen” erakutsi gura du gernikarrak: “Tortutak gure bizitzan gurekin daude, mozorrotu eta ezkutatu egiten dira, eta ez gara konturatzen bertan daudela, agertzeko une egokiaren esperoan”.
Hori gertatu zitzaion berari. Izan ere, Istanbulgo protokoloaren parte izan zen Arana, bera atxilotu eta 20 urtera. Protokoloan parte hartu aurretik “normaltasunez” bizi zen, baina protokoloa egin eta gero, torturak gogoratu zituen, eta terapian hasi behar izan zen. “Horregatik, torturatutako une bakoitzeko, koadro bat margoztu nuen. Hasieran ez nintzen nire burua margotzeko gai, ezin nuen nire burua momentu horretan ikusi. Horregatik agertzen dira lehen koadroetan boltsak edota panpinak. Bosgarrenetik aurrera, nire burua margoztu nuen”.
Denak amaituta, margolanak ikusgai jartzea erabaki zuen 2014an. “Muturreko egoera bat bizi izan dugunok hainbat kontu dauzkagu amankomunean, eta orduan hasi nintzen beste torturatu batzuen testigantzak biltzen. Hala, urteetan zehar, 1970etik 2002ra arteko torturatu ezberdinek testigantzak jaso nituen. Hitz desberdinak dira, baina sentimendu bera”, azaldu du Aranak, eta deskribapen horiek Astrako koadro bakoitzaren ondoan irakur daitezke. Hain zuzen ere, Gorka Lupiañezen, Miren Azkarateren, Jose Ramon Treviñoren, Txema Auzmendiren, Naia Zuriarrainen, Zaine Rekondoren, Juan Bautista Izagirreren, Jose Ramon Goikoetxearen eta Jabier Txurrukaren adierazpenak irakur daitezke.
Jardun Koordinadorak Busturialdeko torturatuen zerrenda argitaratu du, 150 herritar torturatu zituztela zehaztuz; datu horiek Euskal Memoria dokumentaziotik, 1978tik aurrerako prentsatik eta iturri propioetatik eskuratu dituzte. 64 zenbatu dituzte Gernika-Lumon, 39 Bermeon, 12 Busturian eta Muxikan, 6 Errigoitin eta Mundakan, 4 Ean, 2 Elantxoben eta Foruan eta bana Ibarrangelun eta Ajangizen.
- Gernika-Lumon: 64
- Bermeon: 39
- Busturian: 12
- Muxikan: 12
- Errigoitin: 6
- Mundakan: 6
- Ean: 4
- Elantxoben: 2
- Foruan: 2
- Ajangizen: 1
- Ibarrangelun: 1
- Morgan: 1