Finalaurrekora jauzia, Erkiaga eta Zabalarentzat
Jai Alai Winter Series txapelketaren A multzoko 2. jardunaldian Aritz Erkiaga ispastertarra eta Jon Zabala markina-xemeindarra bi setak lortuta gailendu zaizkie Jean Dominique Olharani eta Nicolas Etchetori. 1. jardunaldia ere irabazi zutenez, finalerdietara sailkatzea lortu dute.
Gernika-Lumoko Jai alai frontoiak Jai Alai Winter Series txapelketaren ligaxkaren 3. jardunaldia hartu zuen atzo [otsailak 7]. Ehunka ikusleren aurrean eta giro apartean, A multzoko bigarren partidua izan zen horretan, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Jon Zabala markina-xemeindarrak osatutako bikotea gailendu egin zitzaion Jean Dominique Olharanek eta Nicolas Etchetok osatutakoari. Bi setak irabazi zituzten Lea-Artibaikoek, eta 1. jardunaldiko partidua ere irabazi zutenez, finalerdietara sailkatzea lortu dute, zazpi puntugaz.
Azpimarratzekoa da Jai Alaira hurreratutako jendetza: frontoiaren edukiera guztiz bete da, 800 pertsona hartuta. Ikusleak, hortaz, zesta-punta gosez daude.
Etcheto eta Olharan gehiago izan dira lehendabiziko setean, jokoa atzealdera bultzatuz eta 5-1 irabazten hasiz. Dena dela, bai Erkiaga, bai Zabala apurka-apurka norgehiagokan sartzen hasi dira, eta egoerari buelta ematea lortu dute. Zabalak zenbait pilota galdu ditu Etchetoren mesedetan, baina jokoa frontoiaren atzealdera eroan du, eta bikote urdina jokoaren jaun eta jabe bihurtu da. Lehenengo setean, Erkiagak eta Zabalak zortzina berdindu dute; tantoak joan, tantoak etorri, berdinketak izan dituzte hamabigarren tantora arte, baina urdinek 12-15eko aldearekin bukatzea lortu dute.
Lehen seta entretenigarria izan arren, bigarrenak ez du bide beretik egin. Izan ere, Olharanek ez du topatu bere lekua frontoian, eta hainbat tanto galdu ditu, batez ere, setaren bigarren erdian. Erkiaga bere nagusitasuna erakutsi ahala, Iparraldeko bikoteak behera egin du, eta bigarren zatia 8-15 bukatu da.
Finalerdietan egongo den A multzoko beste bikotea zein izango den jakiteko, hilaren 21era arte itxaron beharko da: Barandikak eta Lekerikak Etcheto eta Olharanen kontra jokatuko dute. Bikote irabazleak lehiaketaren hurrengo fasera jauzia egingo du, eta galtzailea kanporatuta geratuko da.
B multzoko 2. jardunaldian, multzo horretako 1. jardunaldian nagusitu ziren Beaskoetxeak eta Aldazabalek Goikoetxearen eta Aimarren kontra jokatuko dute, astelehenean [otsailak 14].