25 urte kirolariak hezten
25 urte bete ditu Gernika KESBek, eta urteurrena ospatzeko ekintzak aurkeztu dituzte gaur. Martxoaren 8an emakume kirolarien lana zabalduko dute Malosten. Taldearen helburu nagusia kirolarien prestakuntzan lan egitea eta jokalariak errespetuz heztea da. Maria Vallejo artista gernikarrak taldearen "sustraiak erakutsi" gura dituen 'Arbola' irudia sortu du urteurrenerako.
Zorioneko dago Gernika KESB. 25 urte bete ditu Gernika-Lumoko saskibaloi klubak. Lehen urteak lurralde mailan jokatzen aritu eta gero, pausoz pauso mailaz igotzea lortu zuten talde gernikarreko jokalariek. Lurraldekoetatik emakumezkoen ligako bigarren mailara igo ziren, eta hiru denboraldiz kategoria horretan lehiatu ondoren, 2013-2014 denboraldian mailarik gorenera igotzea lortu zuten. Ordutik, zortzi urte daramatza taldeak Emakumezkoen Ligan. Horietako askotan, Eurocup txapelketa jokatu dute, eta Euskal Kopako 5 garaipen lortu dituzte, Erregina Kopako finalera bi aldiz helduz.
Eta hori guztia, taldearen helburu nagusia ahaztu barik lortu dute: kirolarien prestakuntzan lan egitea eta jokalariak errespetuz heztea. “Kirolarien prestakuntzan sakontzen dugu eta errespetuz hezten ditugu. Euren artean lehiakortasuna, elkartasuna, ahalegina, lana eta talde jokoa sustatzea bilatzen dugu. Hori da gure helburu nagusia”, adierazi du Gerardo Candina Gernika KESBeko presidenteak. Eurocup lehiatuta Gernika-Lumo nazioartean zabaldu dutela dio Candinak, eta lortutako guztiagatik urteurreneko hainbat ekitaldi egitea aurreikusi dute.
Izan ere, mende laurdeneko historian asko izan dira talde gernikarrak lortu dituen emaitza bikainak, eta ez bakarrik kirol lorpenei erreparatuta, baita harrobiari so eginda ere. Azken urteetan Gernika KESBen harrobia izugarri handitu dela dio Candinak, une honetan espero baino tale gehiago daudela azalduz: “Egin ditugun azken ikerketek erakusten dute udalerriko 3 neskatik 1,85ek saskibaloian jokatzen duela, eskola kategorietan edota kategoria federatuetan”. Eta hori eurentzako “garaipen garrantzitsua” dela aitortu du presidenteak: “Gure garaipen nagusia da Gernikako 3 nesketatik ia 2k saskibaloian jokatzen dutela ikustea. Hori da etengabeko lan honetan gidatzen gaituena. Elitean finkatutako kluba gara, baina jokalarien prestakuntza ez dugu ahazten“.
Lan “handiko” 25 urte izan direla dio, baita “momentu ahaztezin” askokoak ere. Hala, Euskal Herri mailan “erreferente” izatea lortu dute: “Euskal Herrian erreferentea da bere harrobiagatik, punta-puntako taldea Espainiko ligan, eta errespetatua Europan”. Hori dela eta, urteurreneko ekintzetan zaleak, jokalariak, klubeko ordezkariak, laguntzaileak… eskertu gura dituzte, “25 urte hauek klubetik igaro diren guztiei zor dietelako”.
Javier Loroño Lointekeko CEO eta klubaren babesle nagusiak adierazi du Gernika KESB taldearekin egindako bidaia “gozamena” izan dela, eta “oso harro” daudela taldearen lorpen guztiengatik.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak bere zoriona adierazi dio taldeari, bai 25. urteurrenagatik, bai hainbeste urtetan maila gorenean mantentzeagatik. “Ez da erraza izan, baina lan bikaina egin dutela argi dago”. Gainera, Gorroñok eskerrak eman nahi izan dizkio klubari, gazteen artean ez ezik, herritar guztiengan sortu duen ilusioagatik.
Ekintzak
Martxoaren 8an hasi eta denboraldi amaierara bitartean, askotariko ekintzak gauzatuko ditu klub gernikarrak: omenaldiak, norgehiagokak, bazkariak edota jardunaldiak, besteren artean.
Emakumeen Egunean emakumeen kirolak hartuko du Maloste: Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak eta Athleticeko emakumezkoen taldeak partiduak jokatuko dituzte. Bizkaiko emakumezko kirolarien bi talde “esanguratsuenak eta maila handikoenak” dira, eta horien norgehiagokekin emakumezkoen kirola bultzatzen ahaleginduko dira. “Ekitaldi horren antolaketagaz bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun Sailak”.
Duela bi urte egin bezala, Bilbao Arenan jokatuko dute Lointek Gernika Bizkaiakoek apirilaren 9an, Bilbao Basketek jokatuko duen partidarekin bat eginez: “arrantzitsua izango da klubaren ikusgarritasuna zabaltzeko, eta Bizkaia osoari gure proiektuak zer esan gura duen ikusarazteko”.
Halaber, taldean historia egin duen Naiara Diez omenduko dute. Emakumezkoen Liga 2n Gernikan jokatu zuen, eta azken urteetan taldeko kapitaina izan da. Iaz saskibaloia utzi zuen, eta pandemiagatik ezin izan zioten agurrik egin, baina martxoaren 19ko Gironaren aurkako norgehiagoka gorde dute altsasuarra omentzeko. “Naiarak proiektu honetan eduki duen ibilbidea eta garrantzia aitortu gura dugu”, azaldu du Candinak.
Diez omentzeaz gain, denboraldi amaierara arteko norgehiagoketan klubaren parte izan diren jokalari, teknikari edota taldearen historiaren parte direnei aitorpenak egitea aurreikusi dute.
Urteurreneko ekitaldiek irudi berritua izango dute, eta martxoaren 27rik 30era Valentzian jokatuko duten Erregina Kopan estreinatuko dute hori.
Urteurrenerako berariaz sortutako irudia da, ekipamenduetan ikusi ahalko dena. Maria Vallejo artista gernikarrak gauzatu du taldearen sustraiak erakutsi gura dituen Arbola deitzen den irudia: “Irudia zuhaitz-enbor bat da, eta zuhaitzaren adarrak saskibaloiarekin lotura duten bi irudi altuk irudikatzen dituzte. Adarrak enbor beretik sortzen dira, eta elkarrekin lehiatuz altxatzen dira. Ahaleginaren balioa transmititzea bilatzen du, baina baita aurkariekiko errespetua ere”.
Guzti horiez gain, bazkari herrikoia egitea pentsatu dute, baita Miguel Mendez Espainiako hautatzailea eta Euroligako txapeldun izandakoarekin Clinic eguna antolatzea ere.
Egitaraua
Martxoak 8. Emakumeen Eguneko partiduak: Lointek Gernika Bizkaia vs Athletic Club.
Martxoak 19. Naiara Diez omenduko dute Spar Gironaren aurkako partiduan.
Martxoak 24-27. Irudi eta kamiseta berria Erregina Koparako.
Apirilak 9. Bilbao Arenan partidua.
Apirila eta maiatza. Janari herrikoia.
Maiatzak 23. Jardunaldia Miguek Mendezekin.