Ibilgailuetan umeak dagozkien segurtasun aulkietan doazela kontrolatuko dute udaltzainek
Kontrolak herriko leku desberdinetan egingo dituztela azaldu dute; informazio eta prebentzio kanpaina izango da.
Bermeoko Udaltzaingoak informazio eta prebentzio kanpaina berria abiarazi du. Oraingoan ibilgailuetan erabiltzen diren umeen segurtasun sistemak behar bezala erabiltzen direla ziurtatu gura dute, eta horretako kontrolak egingo dituzte. Aipatu kontrolak herriko leku desberdinetan egingo dituztela jakitera eman dute udal arduradunek.
Urtean zehar, segurtasuna mantentzeko, informazio eta prebentzio kanpaina ezberdinak egiten dituztela esan du Bermeoko udaltzainburuak: “Kanpainen helburua da istripuak saihestea edota hauek egotekotan zaurituen kopurua txikitzea eta, horretarako, besteak beste, haurrak lotzeko sistemak, segurtasun uhalaren erabilera, ibilgailuen egoera… begiztatzen dira. Umeek erabili beharreko segurtasun sistemak behar bezala jartzen direla ikusi gura dugu oraingoan. Horretarako, kontrolak egingo ditugu, informazioa eman eta legea betetzen dela egiaztatuko dugu. Kontzientziazio kanpaina honek etxeko txikienen segurtasuna bermatzeko balioko du. Askotan uste dugu umeak seguru daramatzagula autoan, baina zenbaitetan ez da horrela izaten. Sistemak behar bezala erabili behar dira bere funtzioa bete dezaten, umeen tamaina eta pisua kontutan hartuta. Gure helburua da jendeak ondo erabiltzen dituela ikustea eta informazioa eta laguntza eskaintzea”.