Santa eskean ibili dira Busturialdean
Eztarriak bero eta makilak eskuan, kalerik kale eta etxerik etxe batu dira ume, gazte zein helduak. Bihar, Santa Ageda eguna ospatuko dute Natxituan eta Sukarrietan.
Tradizioari eutsiz, oles egitera atera dira Busturialdeko herritarrak gaur. Eztarriak bero eta makilak eskuan, kalerik kale eta etxerik etxe batu dira ume, gazte zein helduak. Euripean edota aterpeak ondo aprobetxatuta, santa eskean ibili dira Bermeon, Gernika-Lumon eta Busturian.
Santa Ageda bezpera dute gaur, Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz poztekoa. Hori dela eta, kopla zaharrak abestuz eta makilagaz lurra joaz, neguko lozorrotik lurra esnatzeko euskal ohiturari eutsi diote.
Bermeon Erroxape abesbatzako kideak kaleratu dira eguerdian, eta Gernika-Lumon San Fidel Ikastolako ikasleak. Arratsaldean, Seber Altube Ikastolakoek hartu dituzte kaleak.
Busturian, berriz, eguerdian kantatu dituzte koplak. Atxurkulu eta Hirugarren Adineko Elkarteko kideak Jose maria Uzelai ikastetxearen aurrean batu dira, eta handik San Bartolomeko enparantzara, udaletxe aurrera, Arrotegi nagusien egoitza aurrera eta San Kristobaleko enparantzara joan dira.
Makil hotsak entzun dira gaur, baina batzuek Santa Ageda egunean bertan ere kantatuko dituzte koplak. Natxituan eta Sukarrietan Santa Ageda eguna ospatuko dute.
BIHAR
Natxitua
– 11:30. Entsegua plazan.
– 12:00. Meza.
– Ostean. Koplak abestuko dituzte Ander Elortegi eta Xabat Galletebeitia bertsolariek.
– 14:30ak arte. Trikitilariak.
– Oharra: bolatokia ere zabalik egongo dela jakitera eman dute Natxituko jai batzordeko kideek.
Sukarrieta
– 15:30. Plazuelan.