UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuetan izena emateko epea zabaldu du
Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean izango dira. Izena emateko azken eguna martxoaren 31 izango da.
Aurten ere ibiltaria izango da Uemak antolatutako ekimena. Aurten, baina, 50 laguneko bi zutabe abiatuko direla esan dute; bat Tolosatik, eta bestea Etxarri Aranaztik. Bi zutabeak Leitzan elkartuko dira laugarren egunean. Iaz gazte askok izena eman zuten, eta “asko kanpoan geratu zirenez”, aurten parte hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du mankomunitateak. Ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean izango dira topaketak.
Udalekuen helburua da udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea.
Parte hartu gura dutenek zabalik daukate izena emateko epea; martxoaren 31 izango da horretarako azken eguna. Izena emateko 94-381 66 99 telefono zenbakira deitu, datuak posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera bidali edo www.uema.eus web orrialdean dagoen estekan datuak bete behar dira.
14 eta 18 urte arteko 100 gaztek parte hartu ahalko dute: “Kopurua gainditzen bada, lurraldetasuna, genero irizpidea, eta izena emateko ordena hartuko da kontuan taldea osatzeko”, azaldu dute. Eskualdeko bost udalerri dauden UEMAn: Ajangiz, Bermeo, Busturia, Ea eta Muxika. Beraz, udalerri horietako gazteek parte hartu dezakete.
Azaldu dutenez, euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan: “Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua”. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, “gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako” urratsa eman nahi dute urteroko topaketa hauekin.