Lan erreformaren "indargabetzeaz" gain, lan harremanetarako "euskal esparrua" eskatu dute
Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiribuetan eta udalerrietan, eguerdian. Bermeon eta Gernika-Lumon udaletxe aurreetan batu dira.
LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta Etxalde sindikatuen deiagaz bat egin dute Busturialdean ere. Bermeon eta Gernika-Lumon lan erreformaren kontra daudela adierazteko elkartu dira langileak zein pentsiodunak, gaur eguerdian [otsailak 2], udaletxe aurreetan.
Lan erreformaren indargabetzeaz gain, lan harremanetarako euskal esparrua eskatu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta herriz herri lantokietan zein plazetan. Milaka langile mobilizatu direla nabarmendu dute sindikatuek: “Beharrezkoa da euskal alderdiek euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak Madrilen defendatzea, eta langileek beren lan eta bizi baldintzak duintzeko behar dituzten aldaketak bultzatu eta defendatzea. Gaurkoan lantokietan mobilizatuz, bide horretan beste urrats bat egin da. Gaur lantokietan bezala, joan den asteburuan Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostiako kaleetan mobilizazio jendetsuak egin ziren”. Hain zuzen ere, sindikatuak EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta EAJ alderdi politikoekin batzartu dira, eta horiei eskakizun argia helarazi diete: “konbalidazioan, eta beti ere lan erreformak erabat indargabetzeko bidean, kaleratzean eta estatalizazioan moldaketarik egongo ez bada, lan erreformaren kontra bozkatu dezatela”.
Lan erreforma moldatzeko Madrilgo Elkarrizketa Sozialeko mahaian lortutako akordioaren baliozkotzea landuko dute Espainiako Kongresuan bihar [otsailak 3].
Euskal gehiengo sindikalak gaur kaleratutako ohar bateratuan gogoratu du “bereziki larriak” diren bi gai moldatzea lehentasuna izan behar dela: euskal lan harremanen esparrua “erasotzen duen estatalizazioa” batetik, eta, bestetik, kaleratze “merke eta errazak” ahalbidetzen jarraitzeko aukera. “Horregatik, aipatu puntuak indargabetzearekin bat, 2010 eta 2012ko lan erreformak erabat derogatzea eskatu dute langileek gaurkoan, langileen lan baldintzak prekarizatzeko tresna direlako”.
Beraz, Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioa eratzeko pausoak eman beharra aldarrikatu dute, “euskal langileon lan eta bizi baldintzei buruzko erabakiak hemen bertan hartu ahal izateko”. Dei egin diete Hego Euskal Herriko instituzioei “ikusle izateari utzi eta urratsak eman” ditzaten, esparru propioaren alde.