Mestikabasoko iriste erraztasuna hobetzeko azken fasea hasi dute
San Jose auzotik Josefinen komentua dagoen lekurainoko eraberritze integrala egiten ari dira. Udaberrirako amaituta izatea aurreikusi dute udal agintariek.
Gernika-Lumoko Udalak udalerria irisgarrago bihurtzeko ahaleginarekin segitzen du, erdigunean ez ezik, eremu periferikoetan ere hobekuntza lanak eginez. Hain zuzen ere, Mestikabaso kalearen azken fasean lanean ari dira udal brigadakoak: San Jose auzotik Josefinen komentua dagoen lekurainoko eraberritze integrala egiten ari dira.
“Lehenengo fasea amaitu ondoren, orain bigarren faseari ekin zaio, eta San Frantzisko elizaren eta komentuaren arteko zatiari eragiten diote lanek”, adierazi du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Tarte horretan, itxura berria izango du kaleak. Zintarri berriak jarriko dituzte, baita porriño-harria izango duten espaloiak ere. Errodadura erreia berrituko dute, eta argiztapen sistema berria ezarriko dute, “eraginkortasun energetiko handiagoko 15 luminaria instalatuta”.
Obrak egiten ari diren bitartean, kalea ez da ibilgailuentzat itxiko, baina ibilgailuek txandaka pasatu beharko dute aldiro.
Udal arduradunek zehaztu dutenez, jarduera osoak 133.765 euroko aurrekontua du, eta udaberrian amaitzea aurreikusi dute. “Udal brigadakoak ari dira lanean, eta zenbateko hori lanok egiteko materialari dagokio”, zehaztu du alkateak.