Bizkaiko kontserba sektorean aurreakordioa sinatu dute sindikatuek
Sektorean 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzen duen aurreakordioa sinatu dute LABek, CCOOk eta UGTk Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen hitzarmen kolektiboan.
Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen sektorean langileen 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzen duen hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute gaur LAB sindikatuak, CCOOk eta UGTk. Pandemian funtsezkotzat jo zen eta “erabat feminizatuta” dagoen sektorean gutxieneko soldata hori bermatzea zen sindikatu abertzalearen asmoa, eta lortu dutela diote: “Sektoreko langileak beti egon dira bigarren mailan eta erabat ikusezin”.
Hitzarmena 2021etik 2024ra bitartean egongo da indarrean, eta urte horietarako adostutako soldaten igoera %14,39koa izango da. “Negoziazioa hasi zenetik argi izan genuen sektoreko lan baldintzak duindu behar zirela, eta gai nagusietako bat zen, funtsezkoak izan arren, sektoreko langileak ez zirela 1.200 euroko gutxieneko soldatara ailegatzen. Aurrekoardioa sinatu ondoren, gure helburua lortu dugu. Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, sektoreko langile bakar batek ere ez du 1.200 eurotik beherako soldatarik izango”, adierazi du LAB sindikatuak ohar bidez.
Sindikatuek zehaztu dute, hitzarmena amaitzean, urte horietako KPIen batura itundutako igoera baino handiagoa bada, kategoria baxuenean daudenei urteko 17.250 euroko mugarainoko aldea bermatu beharko zaiela. “Bereziki azpimarratu dugu kategoria baxuenen lan baldintzak duintzea”. Horrela, peoi arruntaren kategoriak 825 euroko igoera izango du 2022an, 2021eko atzerapenez gain.
Gainera, genero identitate eta adierazpenen aurkako jarduera protokolo bat egitea adostu dute: “Lortutako beste puntu garrantzitsu bat da sexu jazarpenaren, sexu arrazoiengatiko jazarpenaren, sexu orientazioagatiko jazapenaren eta genero identitate eta adierazpenaren aurkako jarduera protokolo bat egitea”. Protokolo hori “nahitaez” aplikatu beharko da protokolo propiorik ez duten enpresa guztietan. Sindikatuak dio “oso urrats garrantzitsua” dela enpresa txikietako langileentzat, “egoera horien aurrean babesgabeenak direlako”.
Lortutako akordioak beste puntu batzuetan ere “hobekuntzak” izango ditu; hala nola, ordaindutako lizentzietan, aldizkako kontratu finkoak antzinatasuna indarrean dagoen legeriara egokitzean, batzorde paritarioa sei hilabeteko epean biltzeko konpromisoan edota lanbide sailkapenaren sistema enpresen benetako funtzionamendura egokitzean aurrerapenak egin dituztela diote.
LABek eta CCOOk argi dute aurreakordioa sinatzea “ezinezkoa” izango zela borroka eta mobilizaziorik barik eta, horregatik, sektoreko egoera “prekarioa” hobetzeko borrokan aritu diren langile guztiak zoriondu nahi izan dituzte: “Langileei esker izan da posible aurrerapauso hau, eta ziur gaude hurrengo hitzarmenean ere horrela izango dela. “.