Zapatuan Gernikan hasiko da Plazara! gazteen bertso zirkuitua
Gazteen "plazaratzean eragiteko" eta beraien arteko "saretzea eta talde izaera indartzeko" helburuagaz antolatu dute Plazara bertso zirkuitua. Lehenengo saioa Gernika-Lumoko Arrano tabernan izango da, zapatuan, 18:30ean.
Bigarren urtez, Bizkaiko bertsolari gazteei zuzendutako Plazara! bertso zirkuitua jarriko du martxan Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Lehenengo saioa Gernika-Lumoko Arrano tabernan izango da zapatuan, 18:30ean, eta herritarrei bertsoez gozatzeko deia egin diete antolatzaileek.
Bertaratzen direnek Janire Arrizabalaga eta Beñat Bilbao bertsolari gernikarren, Unai Mendibururen eta Maddi Askaiturrietaren bertsolarien bertsoekin gozatzeko aukera izango dute.
Saioa Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertsolari gazteak plazaratzeko martxan jarritako Plazara! ekimenaren baitan kokatzen da. Gazteentzako bertso zirkuitua eskaintzea da asmoa, gazteen “plazaratzean eragiteko” eta beraien arteko “saretzea eta talde izaera indartzeko”.
27 gazte eta sei saio. Eskualdez eskualde antolatutako zirkuitua da honakoa, eta eskualde bakoitzaren ardura da saioa prestatzea eta antolatzea. Hain zuzen ere, Busturialdeko parte hartzaileena izango da lehen saioa antolatzeko ardura.
Bizkaiko Bertsolari Elkarteak jakinarazi duenez, 1996 eta 2003 urte artean jaiotako 27 gaztek eman dute izena, eta sei saiotan banatu dituzte bertsolariak. Aurtengo zirkuitua sei eskualdetik pasatuko da beraz, eta hilabetean saio batez gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
2020an jaio zen Plazara!, baina bertan behera utzi behar izan zuten itxialdiaren eraginez, eta iaz, lehenengoz egin zuten. Busturialdean, Muxikako Ariatzako eskolan aritu ziren bertsotan.