EH Bilduk udalari eskatu dio aurrekontua egokitzeko parte hartze prozesua hilabetez luzatzea
Udalak erabili duen parte hartzerako formula "ez dela" eurek erabiliko luketena argi diote koalizio abertzalekoek, baina adierazpenerako tarte guztiak aprobetxatu behar direla iritzita, herritarrak deitu dituzte parte hartze prozesuan parte hartzera.
Gernika-Lumoko Udalak udal aurrekontua egokitzeko herritarren iritzi eta ekarpenak batu gura ditu, eta hilaren 31ra arte luzatzen den parte hartze prozesua abiatu du horretarako. Hala ere, Gernika-Lumoko EH Bilduk udalari eskatu dio parte hartzeko prozesu hori beste hilabetez luzatzea.
Halaber, parte hartze prozesura aurkeztutako proposapemak eta bakoitzak jaso duen ebazpena publiko egitea ere eskatu du koalizio abertzaleak, baita prozesuaren balorazio orokorra egitea eta hurrengo urteetarako hobekuntzak jasotzeko bidea zabaltzea ere.
EH Bilduko ordezkariek adierazi dute aurkeztutako herritarren proposamenak “publiko” egingo dituztela, eztabaida eta hausnarketa bultzatzeko asmoz: “Ahal den neurrian, EH Bilduk aurton aurkeztuko dituen aurrekontuen emendakinetan ere jasoko ditugu herritarrek egiten dituzten ekarpenak. Ezberdinen artean egingo dugulako denon Gernika-Lumo, eta EH Bildu beti egongo da lankidetzarako prest”.
Parte hartzeko deia. Udalak erabili duen parte hartzerako formula “ez dela” eurek erabiliko luketena argi diote koalizio abertzalekoek, eurek eztabaidaguneak antolatuko lituzketela adieraziz: “Guk joko arauak argi azalduko genituzke –arloak, diru kopuruak eta balortzatzeko irizpideak besteren artean–, eztabaidaguneak antolatuko genituzke proposamenak aurkezteko, hobetzeko eta adosteko, eta adostutakoa betetzeko eta aurrera eramateko bermea emango genuke”.
“Zalantzak zalantza”, eta udalak zabaltzen dituen adierazpenerako tarte guztiak erabili behar direla iritzita, herritarrak deitu dituzte parte hartze prozesuan parte hartzera. Izan ere, bizilagunen kezkak, ardurak, interesak eta nahiak ezagutzea eta entzutea “beharrezkoa” dela uste dute. “Herria denok gorpuzten dugu, eta denon artean egiten dugu, egunero”.