Asel Luzarragak 'Malthusen ezinegona' aurkeztuko du barikuan, Astran
Iaz argitaratu zuen Malthusen ezinegona eleberria aurkeztuko du Asel Luzarraga Zarrabeitia idazle mundakarrak, barikuan, 20:00etan, Astran.
Kulturarako fabrika sozialean beti saiatu dira sorkuntza era guztiei ateak zabaltzen eta horiek herritarrei eskaintzen. Oraingoan, literatura jorratuko dute. Hain zuzen ere, Luzarragak Elkar argitaletxeagaz argitaratu zuen bere hamargarren liburua izango da protagonista, irakurlea XXIII. mendean kokatzen duena. Horri buruzko azalpenak emango ditu idazleak kulturarako fabrika sozialean.
Malthusen ezinegona eleberri distopiko batzuen “azken kate begia” da; aurretik Karonte eta Bioklik idatzi zituen. Liburuaren bitartez, beste behin ere, etorkizunera jo du: “Karonte liburukoa etorkizun hurbila zen, gaur egun gaindituta daukaguna. Bioklik da egunen baten ukituko dugun etorkizuna eta Malthusen ezinegona eleberriak ikusiko ez dugun etorkizunera egiten du salto”. Luzarragak dio liburua idatzi ahala, “argi” ikusi zuela hiru eleberrien “segida guztiz logiko, koherente eta naturala”.
Aurkezpenean egon gura dutenek maskara jarrita eduki beharko dute, eta edukiera mugatuta izango dela jakinarazi dute.