Oier Unamuno, Alluitz de Bilbao eta 18 urtez azpiko nesken taldea, Bizkaiko Txapeldun
Emaitza "onak" dira Gernika-Lumoko taldearentzat, azken hiru hilabeteetan Bizkai, Araba eta Gipuzkoan lehiatu diren zazpi krosetan taldeko atletek hainbat garaipen eta titulu lortu baitituzte, banaka zein taldeka.
Kros denboraldia “emaitza onekin” amaitu dute Gernika Atletismo Taldeko atletek. Bizkaiko Txapelketa Ortuellan lehiatuta itxi zuten denboradia domekan, eta hiru txapel jantzita bueltatu dira udalerrira.
Alluitz de Bilbaok eta Oier Unamunok 18 eta 16 urtez azpiko kategorietan lortu dute txapela, hurrenez hurren, eta 18 urtez azpiko emakumezkoen taldeko kideek ere taldekako txapela lortu dute; Jone Oar Artetak, Diana Ilauk, Luzia Antxiak, Amets Antxiak eta Alluitz de Bilbaok osatzen dute boskotea.
De Bilbaok 3.670 metroko lasterketan parte hartu du, eta 14 minutu eta 52 segundo behar izan ditu helmugako lerroa zeharkatzeko; lasterketa berean, Oar Arteta hirugarren sailkatu da, 15 minutu eta 48 segundoko denboragaz. Unamunok, bere aldetik, 16 minutu eta hiru segundutan amaitu du 4.830 metroko lasterketa.
16 urtez azpiko mutiletan, berriz, Oier Beaskoetxeak, Peru Enbeitak, Aratz Leziagak, Alec Buchananek, Joan Apraizek eta Oier Unamunok osatutako taldea bigarren sailkatu da, eta Bizkaiko txapelunordeak dira.
23 urtez azpikoetan, Unai Lobatok hirugarren postuan helmugaratzea lortu du, eta podiumeko hirugarren kaxoira igo da. Durango Kirol Taldean lehiatzen duen Izaro Egibar bermeotarrak ere hirugarren postuan lortu du 20 urtez azpikoetan.
Emaitza “onak” dira Gernika-Lumoko taldearentzat, azken hiru hilabeteetan Bizkai, Araba eta Gipuzkoan lehiatu diren zazpi krosetan taldeko atletek hainbat garaipen eta titulu lortu baitituzte, banaka zein taldeka. Orain, kroseko zapatilak erantzi eta pistakoak janzteko ordua dute: “Uda heldu bitartan, atletismo modalitate ezberdinetan parte hartuko dute taldeko kideek: iraupen eta erdi iraupen lasterketetan, abiadurako lehiaketetan, jauzietan eta jaurtiketetan”.