Euskal Karabanarako jakiak batzen ari dira Kortezubin
Barikura bitartean, Kortezubiko udaletxean bilduko dituzte herritarren ekarpenak.
Piztu itxaropena lelopean, Sahararen aldeko janari bilketa abiarazi dute aurten ere. Euskal Karabana mugiaraziko duten 18. aldia izango da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat herrik bat egin dute ekimenarekin, tartean Kortezubik; Bermeon ere, Besalde hasita dago bilketa lanekin.
Zehaztu dutenez, barikura bitartean, Kortezubiko udaletxean bilduko dituzte herritarren ekarpenak. Interesa dutenak, goizez hurbildu daitezke jakiak eroatera, 09:00etatik 14:00etara bitartean.
Aurreko urteetan modura, Euskal Herriko herrietan honakoak batuko dituztela zehaztu dute: arroza, egoskariak, pasta, azukrea, hegaluzea eta sardinak oliotan. Garbitasunagaz zerikusia daukaten produktuak ere bidaliko dituztela jakinarazi dute, konpresak, esate baterako, “kanpamentuetan produktu mota hori lortzeak daukan zailtasuna kontuan izanik”.
Bilketaren helburu nagusia herri sahararrari ahalik-eta elikagai kopururik handiena eramatea da, errefuxiatuen kanpamentuetan duten elikagai falta asetzeko. “Saharar errefuxiatuek Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetan bizirik irauteko ezinbestekoa dute kanpoko laguntza, errefuxiatuen kokalekua eta eremuaren egoera bereziagatik zaila baita produktu horiek eskuratzea”, azaldu dute.
Otsailean abiatuko da Euskal Karabana. Alacanteko portuan ontziratu eta Tindufeko kanpamentuetaraino joango da, nahiz eta oraindik ez duten egunik zehaztu.