Udetxeako ingurune naturala balioesteko sei langabe kontratatu ditu Gernika-Lumoko Udalak
Kontratazioek lau hilabeteko iraupena dute, eta aukera ematen dute kolektibo behartsuak lan eremura itzultzeko. Beste urte batez, udalak Lanbide Ekimenak Zentroaren bitartez abiatu du programa.
Kolektibo ahulenak lan merkatuan berriro sartzeko asmoz, Gernika-Lumoko Udalak bere Enplegu Plana jarri du martxan. Beste urte batez, Lanbide Ekimenak Zentroaren bitartez abiatu du programa.
Ekimen horri esker, langabezian egon diren sei pertsonek lortu dute lana urteko lehenengo sei hilabeteetarako. Hain zuzen ere, kontratatu berri horiek udalerriko Udetxea jauregi ingurua balioan jartzeko lanak egin beharko dituzte. Horretarako, 74.429,98 euro aurreikusi ditu udalak.
Kontratazioek lau hilabeteko iraupena dute, eta aukera ematen dute kolektibo behartsuak lan eremura itzultzeko. Besteak beste, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten eskualdeko biztanteak laguntzea du helburu, baita 55 urtetik gorakoak eta iraupen luzeko langabeak ere.
Ekimen hori iaz ere gauzatu zuten Eskualdeko Enplegu Planaren barruan; orduan, 55 urtetik gorako 22 langabe kontratatu ziren.
Enplegu Plana. Gernika-Lumoko Udalak Lanbide Ekimenak zentroarekin batera jarri du martxan “asmo handiko” programa. Enplegu Plan horren helburu nagusia herriaren ekonomia suspertzeko lanpostuak sortzea da. Horrez gain, gernikarren enplegagarritasuna hobetzen lagundu nahi du aldi baterako kontratazioen bidez.
Horretarako, Enplegu Plan Arrunta gauzatu du udalak berriro ere, eta eskaintza zabala aurreikusi du. Orain kontratatutako seirez gain, tokiko enpresetan enplegua sustatzea da udalaren asmoa, langabeak kontratatzeko diru laguntza ekonomikoen bidez. “Bereziki, ahutasun handieneko kolektiboak kontratatzea sustatuko da: adinekoak, emakumeak, iraupen luzeko langabeak….”, azaldu dute arduradunek.
Plan horri, gainera, erdi mailako edo goi mailako titulazioa duten 30 urtetik beherako gazteentzako beste proiektu bat gehitu behar zaiola jakinarazi dute udal arduradunek. Hori horrela, udalak herritarrei gogorarazi die euren datu eta curriculumak eguneratzeko Lanbideren bulegoetan.