Ibarruriko Txakille lursailean landaketak egingo ditu Lurgaiak
Zapatuan Ibarrurin dagoen ia lau hektareako Txakille lursailan egingo dituzte landaketak, eta domekan, berriz, Undabasoko lanekin jarraituko dute.
Lurgaia Fundazioa martxan dago, eta landaketen bi jardunaldi prestatu ditu astebururako Ibarrurin. 10 urte baino gehiago darama Lurgaiak Ibarruriko Undabaso berreskuratzeko lanean, eta horretan jarraitzeko asmoa dauka. Hala ere, basoaren eremua zabaldu gura du, eta kokapen berria estreinatuko du zapatuan: Txakille.
Ibarrurin dagoen ia lau hektareako lursaila da Txakille, eta zuhaitz eta zuhaixka espezie desberdinak landatuko dituzte bertan, bertoko basoen alde lan egiteko. Domekan, berriz, Undabason jarraituko dute lanean. Lurgaiak hiru urte daramatza lanean Undabason, eta berreskuratze prozesuaren “zatirik garrantzitsuena” amaitzeko “ez dela asko falta” adierazi dute. Bertan ere, zuhaitz eta zuhaixka espezie desberdinak landatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Zapatuan Ibarruriko Andra Mari elizako aparkalekuan jarri dute hitzordua 09:00etan, eta domekan, berriz, ordu berean geratu dira, baina Asteiko aparkalekuan.
Goizean egiteko lanak izango dira zapatu eta domekakoak, eta jardunaldiak amaitzeko bokatak eramango dituztela zehaztu dute, “nekazaritza ekologikokoak”.
Landaketetan parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute info@lurgaia.org helbide elektronikora mezua bidalita. Bertan, parte hartzaileen izen-abizenak, adina, udalerria eta mugikor zenbakia zehaztu beharko dituzte. Baita zein jardunalditara joan gura duten ere. Eskatu dute, izena emanez gero, ez faltatzeko edota aldez aurretik abisatzeko. Izena eman eta Lurgaiakoen baieztapena jaso barik ez gerturatzeko azpimarratu dute antolatzaileek.
Beharrezko materiala. Antolatzaileek zehaztu dutenez, maskara eramatea derrigorrezkoa izango da, eta ura eta janaria eramatea gomendatu dute, “goiz erdirako”.
Eskularruak eta tresnak eramateaz Lurgaia fundazioa arduratuko da, baina parte hartzaileei arropa eta oinetako erosoak eramateko eskatu die, “eguraldiaren araberakoak”.