Kalitatezko osasun zerbitzu unibertsala "beharrezkoa" dela aldarrikatu dute
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetan elkarretaratzeak egin dituzte langileek Bermeon eta Gernika-Lumon, eta hainbat herritar eta eragilek bat egin dute.
Osasun langileek bizi duten egoera salatzeko eta “konponbide errealak” eskatzeko, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko. Osakidetzako Lehen Mailako Arretako osasun zentroetan batu dira 13:00etan, eta herritarrek zein zenbait eragilek bat egin dute deialdiagaz.
Busturialdean, Gernika-Lumoko eta Bermeoko osasun zentroen aurrean egin dituzte protestak, eta herritarren babesa jaso dute osasun langileek. 70 herritar inguru batu dira Gernika-Lumon, horietako 20 inguru osasun langileak izan dira, eta lehen arretako langileek bizi duten egoera 100 pertsonek salatu dute Bermeon.
Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera “dramatikoa” salatu dute osasun langileek, asistentzia kalitatea “gutxieneko historikoetara” murriztu dela adieraziz. “Osasun arretaren kalitateak behera egin du azken 10 urteetan, Osakidetzaren borondate faltaren eta utzikeriaren ondorioz eta pandemian salatu izan dugun horrek eztanda egin du: ospitaleak eta osasun zentroak beteta daude eta Osakidetzako arduradunek ezartzen dituzten zentzugabeko protokoloek ezin dute egoera gordina izkutatu. Herritarrak osasun arretarik barik daude“.
Egoeraren erantzule zuzenak direla agindariak adierazi dute, “benetako pandemia” egoera honetan “mantendutako politikarena” dela esanez. Pandemia hasi zenetik bi urte pasa direla, eta agindariak oinarrizko zerbitzuak ganoraz indartzeko “gai izan ez direla” adierazi dute.
Hori dela eta, kalitatezko osasun zerbitzu unibertsala “benetan ezinbestekoa” duten zerbitzua dela aldarrikatu eta eskatu dute. “Behar bezalako osasungintza publikoa posiblea zen, da, eta izango da. Arduradun politikoek kudeatzen duzuen dirua denona da: jarri behingoz denon zerbitzura. Utzi inork eskatu ez dituen obra erraldoiak alde batera, utzi osasun enpresa pribatuen aldeko apustu garbiak, eta hasi denon osasuna eta bizitzak bermatzeko benetako inbertsioa egiten”, esan dute.
Osasun politiken kontra. Konponbide “errealak” eskatu eta gaur egungo politika “pribatizatzaileak” salatu dituzte: “Agerian geratu dira osasungintza publikoa kudeatzeko erabiltzen ari diren politika pribatizatzaileak: inbertsio eza, osasun zerbitzuak gainezka, prekarietatea, zerbitzuak bertan behera..”.
Urteak daramatzatela ratioen lege bat eskatzen gogoratu dute, paziente bakoitzari bere gaitzaren araberako arreta bermatzeko. Halaber, langile kopurua handitzeko eskaerak pandemia aurrekoak zirela adierazi dute, “pandemia hasi aurretik ere gehiegizko lan kargak zituztelako”.
Hori horrela, osasungintza publikoaren alde batzea eta denona dena defendatzea “ezinbestekoa” dela adieraziz, urtarrilaren 23an hiriburuetan egingo diren manifestazioetara joateko deia egin dute sindikatuek: “Ezinbestekoa da denon osasun sistema gure indar guztiekin babestea. Guk ez badugu egiten, inork egingo ez duelako. Batu ditzagun indarrak lanean, kalean, eskolan, familian edota lagun artean”.