Udal aurrekontua egokitzeko parte hartze prozesua zabalik dago
Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek urtarrilaren 31ra arteko epea izango dute parte hartzeko. Proposamenak Gernika-Lumon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek egin ahal izango dituzte.
Azken urteetan egin modura, udal aurrekontua egokitzeko herritarren iritzi eta ekarpenak batu gura ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta proposamenak jasotzeko parte hartze prozesua zabaldu du udalaren webgunean: www.gernika-lumo.eus. Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek urtarrilaren 31ra arteko epea izango dute parte hartzeko.
Udalaren webgunean inprimaki bat jarri dute herritarren eskura, eta behin inprimakia betetan, posta elektronikoz bidali beharko da partaidetza@gernikalumo.net helbide elektronikora edota udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zentroan (HAZ) aurkeztu ahalko da; zentroa udaletxeko beheko solairuan dago.
Duela 13 urte jarri zuen martxan udalak herritarren parte hartze prozesua, alkateak auzoz auzo egiten dituen bisitekin. Azken urteetan, baina, batzar horien osagarritzat aurkeztu dute inprimaki bitartez ekarpenak egiteko aukera. Izan ere, prozesua herritarrek egiten dituzten proposamenak jasotzean datza, ondoren udalak aztertu eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzeko. Azaldu dutenez, “egokitzat” jotzen diren ekarpenak udal aurrekontuaren zirriborroetan sartuko dira.
Erroldatutakoek. Udal aurrekontuak osatzeko proposamenak Gernika-Lumon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek egin ahal izango dituzte.
Udalaren erakunde erregistroan izena emanda duten erakunde edota elkarte, fundazio, sindikatu, enpresa, elkarte, elkargo profesionalak zein herri erakundeek parte hartu ahal dute, “betiere izaera juridikoa izan eta udalerrian egoitza iraunkorra badute”.
Udalak jakinarazi du proposamenek, bideragarriak izateaz gain, interes orokorrekoak izan beharko direla. “Interes partikularren gainetik, interes orokor eta gizarte onura dakartzaten proposamenak onartuko dira. Inolaz ere legez kanpokoak, iraingarriak edota baztertzaileak direnak”.