Tuterako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Gernika-Lumon
2022an Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen lehen emakumea dela salatu dute Gernika-Lumoko Sare Feministak eta Itaia Busturialdeak. Elkarretaratzeak deitu dituzte hilketa salatzeko: Sare feministak bihar 19:00etan Merkurion biltzeko hitzordua jarri du, eta Itaiak gaur 20:00etan salatuko du hilketa Merkurion.
Astelehenean, Sara Pinaren gorpua aurkitu zuten foruzainek eta suhiltzaileek Tuterako (Nafarroa) bere etxebizitzan. Labanaz egindako zauriak zituen hilotzak, eta emakumearen senarra izan da susmagarri nagusia. Nafarroako Auzitegi Nagusiak gizona atxilotzeko agindua eman zuen. Izan ere, ikerketaren hipotesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea. Atzo eguerdian Boisredon herrian (Frantzia) atzeman zuten, Bordeletik 65 kilometrotara.
2022an Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen lehen emakumea dela Pina salatu dute Gernika-Lumoko Sare Feministak eta Itaia Busturialdeak, eta elkarretaratzeak deitu dituzte hilketa salatzeko. Sare feministak bihar 19:00etan Merkurion biltzeko hitzordua jarri du, eta Itaiak gaur 20:00etan salatuko du hilketa Merkurion.
Itaia Busturialdeak salatu du emakume langileen aurkako erasoak “etengabak” direla: “Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa betez, norma kultural bilakatu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea sortzen du, eta, ondorioz, emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz”.
Egoera horren aurrean, erantzun eraginkorrak hedatzea “beharrezkoa” dela deritze, “emakumeak egoera horretatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatuz”. Halaber, eraso horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatu beharra nabarmendu dute.