Laguna txartelagaz kultura bultzatzen jarraitu gura du Gernika-Lumoko Udalak
Txartelaren jabe direnek %25eko deskontua izango dute Lizeo Antzokian eta Elai Alai aretoan egingo diren ekitaldietan.
Laguna Txartelaren bitartez kultura bultzatzen jarraitu gura du Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, eta eskuragarri jarri du 2022koa. Iazko txartela dutenek urtarrilaren 31ra bitartean erabili ahalko dute.
Txartelak herrian antolatzen dituzten kultur ikuskizun eta ekitaldietan abantaila ekonomikoak eskaintzen ditu. Txartelaren jabe direnek %25eko deskontua izango dute Lizeo Antzokian eta Elai Alai aretoan egingo diren ekitaldietan.
Halaber, txartela eskuratuz gero, urtean zehar eskainiko diren bi ekitalditara doan joan ahalko dira txartelaren jabe direnak, bai eta nahi dituzten sei ikus-entzunezko ikustera ere, zine komertziala eta Zine Kluba barne. Gainera, deskontuak izango dituzte Bizkai, Araba eta Gipuzkoako antzoki publikoen sare osoan.
Laguna txartelak 35 euroko kostua du urte guztirako. Familia abonatuek, baina, 30 euro ordaindu beharko dituzte.
Bonoa erosteko interesa duenak www.kulturagernika-lumo.eus webgunean dagoen inprimakia deskargatu eta bete beharko du, gero kultur etxean aurkezteko eta behar diren agiriak betetzeko. Behin izena emanda, banku transferentzia bidez ordainduko da txartela.