Mugiment kirol txartelagaz bat egin du Gernika-Lumok
Gernika-Lumoko kiroldegiko erabiltzaileek Mugiment txartelaren ekimenera atxikita dauden edozein kiroldegitan doan sartzeko aukera izango dute.
Gernika-Lumoko kiroldegiko erabiltzaileek Eusko Jaurlaritzak sustatutako Mugiment Kirol Txartela eskatu dezakete. Horregaz, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ekimen horretara atxikita dauden kirol instalazioetara sartzeko aukera edukiko dute, gain kosturik barik.
Gaur gaurkoz, 46 udalerri –Bizkaian 30 dira– daude atxikita programara, eta horien artean daude Bermeo, Lekeitio, Markina-Xemein, Mundaka, Mutriku, Bilbo, Barakaldo, Larrabetzu, Ondarroa edota Eibar. Hain zuzen ere, 46 udalerri horietan bizi dira lurraldeko herritarren %62.
“Txartel birtual bakarra da Bizkai, Araba eta Gipuzkoa osorako, eta oso urrats garrantzitsua da. Kirolak gero eta gehiago sozializatzen laguntzen du, batez ere gazteen eta adinekoen artean, egoera fisiko eta emozional osasungarriaz gozatzeko”, adierazi du Jon Lejarraga Kiroletako Udal Patronatuko presidenteak. Hori dela eta, uste du kirol txartelak mesede egiten diela euren bizilekutik kanpo lan egiten dutenei, jarduera fisikoa egiteko denbora libre gutxi dagoelako, eta txartelagaz lan egiten duten udalerri horietan egin dezaketelako: “Instalazioetara doan sartu ahal izango dira, sarrerarik ordaindu gabe, eta kantxa, pista edo zelaietarako ikastaro edo erreserberako ordaindutako tarifak udalerri horietako bizilagunen berdinak izango dira”.
Mugiment Kirol Txartela mugikorrean eduki daiteke, aplikazioa jaitsita. Eskatzen dituzten datuak sartu eta bazkide den kiroldegiak baimena eman ostean, sarrera edukiko du ekimenean izena emanda dauden kiroldegietara joateko. Kirol instalazioetara sartzeko, aipatu txartela eta NA erakutsi beharko dituzte erabiltzaileek.