"Ezin pozago" hasi dute urtea Lilibertsokoek
Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus mailarik gorenean aritu ziren bertsotan barikuan, kulturarako fabrika sozialera gerturatutako guztiei bertso saio bikaina eskainiz.
Bertso afariari formatu berri bat eman eta Bertso Ixe Aparixegaz “ezin pozago” hasi dute urtea Lilibertsokoek. “Ahal den egokien hasi dugu urtea. Ezin gara pozago egon. Bertso afariari formatu berria topatu eta kultura segurua bakarrik ez, ezinbestekoa ere badela frogatu dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus mailarik gorenean bertsotan, pintxo ugari barran, eta Astra gainezka. Bertso saio bikainaz gozatu zuten kulturaren fabrika sozialera gerturatutakoek barikuan, eta giro bikainean txapeldunen aldeko brindisa egin zuten.
Oztopoak gainditu zituzten joan den urtean Lilibertso bertso zaleen taldeko kideek, eta aurten ez direla atzean geratuko adierazi dute. Aniztasuna dela aberastasuna oinarri hartuta, bertso doinua jarri diote 2022ari.
Aniztasuna ei da
aberastasuna,
baina gero hain anitza
ez da diruduna.
Gizarte aberatsa
bada nahi duguna,
behar da enpatia
eta maitasuna.
A.E.