Azken lau egunetan 845 positibo erregistratu dituzte Busturialdean
Eguenetik domekara (urtarrilaren 6tik 9ra) Busturialdeko herri guztietan erregistratu dituzte positiboak. Hiru lurraldeetan ez dago gune berdean dagoen herririk.
Eusko Jaurlaritzaren txosten epidemiologikoaren arabera, eguenetik domekara bitartean (urtarrilaren 6tik 9ra) COVID-19aren 845 kasu positibo zenbatu dituzte Busturialdean. Herri guztietan zenbatu dute kasuren bat edo beste.
Azken lau egunetan ere, positibo gehienak Gernika-Lumon eta Bermeon zenbatu dituzte, 331 eta 315 kasu positibo hurrenez hurren. 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrien artean Mundakan (38) eta Muxikan (22) zenbatu dituzte positibo gehien. Halaber, azken lau egunetan hamazortzi kasu zenbatu dituzte Busturian, hamabosna kasu Arratzun, Foruan eta Gautegiz Arteagan, hamalau Ean, hamabi Ajangizen, 11 Errigoitin, hamar Ereñon, zazpina Ibarrangelun eta Kortezubin, lau Morgan, hiru Sukarrietan, bi Muruetan eta bana Mendatan eta Nabarnizen.
Joan den aste osoan (urtarrilaren 3tik 9ra) 1.837 positibo erregistratu zituzten Busturialdean. Kasu gehien Gernika-Lumon (764) eta Bermeon (652) erregistratu zituzten. 5.000 biztanletik beherako herrien artean Mundakan (62), Muxikan (58) eta Foruan (41) erregistratu zituzten.
Lurraldeak. Arabak 5.298,77ko tasa dauka (532 puntu igo da), Bizkaiak 6.484,17koa (+884) eta Gipuzkoak 7.175,3koa (+888). Hiru lurraldeetan ez dago gune berdean dagoen herririk.