Gabon zahar gaueko eraso matxista salatu dute Gernika-Lumon
Indarkeria matxista desagertzeko eragile sozial, politiko eta instituzional guztien ardura "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute Gernika-Lumoko Sare Feministaren kideek, eta "behin-betiko desagerrarazteko neurriak hartzeko" eskatu dute.
Gabon zahar gauean Gernika-Lumon sexu erasoa jaso zuen emakumeari babesa eta elkartasuna adierazi zioten atzo arratsaldean [urtarrilak 7]. Jende asko batu zen Merkurion egindako elkarretaratzean.
Biktimari bakarrik ez dagoela erakutsi gura izan zioten. “Bat erasotzen dutenean guztiok erasotzen baigaituzte”, esan zuten Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek. Indarkeria matxistari “hitzak jartzeko eta jendartea sentsibilizatzeko” mugimendu feministatik lan izugarria egiten segitzen dutela azadu zuten. “Biolentzia hau ez baita emakumeen arazoa bakarrik”.
Gogoratu zuten emakumeen aurkako indarkeriak ez daukala mugarik, bizi garen sistema patriarkalaren “ezinbesteko tresna” baita, “eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere-harremanak betikotzeko tresna”.
Ondorioz, erasoak ez direla modu isolatuan eta bakartuan gertatzen zehaztu zuten: “Gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da: komunikabideetan, instituzioetan, lan-merkatuan, familian, kulturan, aisialdian edota hezkuntza-sisteman. Honen aurrean eragile sozial, politiko eta instituzional guztien ardura, pertsonal eta kolektiboa, ezinbestekoa da, eta hemendik animatu nahi ditugu biolentzia matxista gure espazioetatik eta praktiketatik behin-betiko desagerrarazteko neurriak har ditzaten”.
Apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak direla azpimarratu zuten. Hain zuzen, Gernika Rugby Taldeak hartutako jarrera eredugarria dela esan zuten. Izan ere, klubeko jokalari batek indarkeria matxistaren salaketa jaso zuela jakin zutenean, jokalaria behin betiko taldetik kanporatzeko erabakia hartu zuen. “Txalogarria da erasotzailearekin bere esparru profesionalean hartutako neurri azkarra eta irmoa”.
Hitzetatik ekintzetara “pasatzeko garaia delako”, Gernika-Lumoko Sare Feministatik autodefentsa feministarako deia egin dute: “Gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude, martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan, denak aske izan arte”.