Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidea aldarrikatu dute Busturialdean ere
Euskal Herriko hamaika txokotan egin modura, Busturialdean ere euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko aldarrikapenak entzun dira arratsaldean. Arratzun, Bermeon, Busturian, Ean, Gernika-Lumon, Mundakan, Muxikan eta Nabarnizen egin dituzte ekitaldiak.
Urtero urtarrilean Bilbon egiten den euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko manifestazioaren ordez, herriz herri ekitaldiak egin dituzte gaur, eta Sareren deialdiagaz bat egin dute Busturialdeko herritarrek ere. Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean lelopean, salbuespen legediarekin amaitzea eta aurrera egitea eskatzeko kalera atera dira.
Hala, Euskal Herriko hamaika txokotan modura, Busturialdeko bazterrak ere aldarrikapenez bete dira arratsaldean. Arratzun, Bermeon, Busturian, Ean, Gernika-Lumon, Mundakan, Muxikan eta Nabarnizen egin dituzte ekitaldiak.
Espetxe politikari dagokionez, “urte luzez esperotako” aldaketaren lehen zantzuak ikusi direla azpimarratu dute: “Egunerokoan maila politikoan, sindikalean, sozialean eta instituzionalean lortutako adostasunei, eta batez ere, urte luzeetan herritarrok kalean eginiko aldarrikapen eta lanari esker lortu dugu. Elkarrekin urratsak emanez lortu dugu. Eta urte honetan ere, bide berean urratsak emanaz, aldaketa horiek espetxe politika berri bat oinarri izatea lortuko dugu”.
Salbuespenezko espetxe politika, “bere ertz guztiekin eta gehiago luzatu gabe”, bertan behera uzteko aldarria zabalbu dute: “Berau baita, euskal presoek etxerako bidea garatzeko oztopo eta muga nagusia. Berau baita gaur defendatzen ditugun eskubideen urraketaren bermea. Eta indarrean jarraitzen duen egun bakoitzeko sufrimendua sortzen jarraitzen duena”.
Sarekideek zehaztu dute elkarbizitza “ezinezkoa” izango dela salbuespen-legeriak eragindako eskubide-urraketa desagertzen ez bada: “Eta etxeratze prozesua gauzatu dadin eta espetxe-politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa eman dadin, ezinbestekoa da elkarbizitzaren eta bakearen bidean aurrera egitea”.
ARGAZKIAK: BUSTURIALDEKO SARE / HITZA: