Sukarrietarrek Bermeoko kiroldegia erabili ahalko dute bermeotarren baldintza berdinetan
Sukarrietako eta Bermeoko udalek lau urterako hitzarmena sinatu dute, luzatu daitekeena. Sukarrietako Udalak udalerriko erabiltzaileen prezio publikoen aldea ordaintzeko konpromisoa hartu du.
Sukarrietako eta Bermeoko Udalek sinatu berri duten hitzarmenari esker, sukarrietarrek Arane kiroldegiko instalazioak erabili ahalko dituzte bermeotarren baldintza berdinetan. Gogorarazi dutenez, hitzarmena sinatu arte, Sukarrietako bizilagunek gehiago ordaindu behar zuten Bermeoko kirol instalazioak erabiltzeagatik.
Jakitera eman dutenez, Sukarrietako bizilagunek Arane kiroldegiko zerbitzu guztiak erabili ahal izango dituzte: frontoia, squash pista, aerobic gimnasioa, fitnessa, igerilekua, erabilera anitzeko pista, dantzarako pista, arku tiroko gimnasioa… Lau urterako hitzarmena sinatu dute, hala eta guztiz ere, luzatu ahal izango dela esan dute Sukarrietako udal arduradunek, “bi aldeen arteko akordioari eusten bazaio”. Sukarrietako Udalak udalerriko erabiltzaileen prezio publikoen aldea ordaintzeko konpromisoa hartu du, “martxoan eta abenduan ordainketak eginez”.
Sukarrietako Udalak kirola sustatzea “garrantzitsua” dela uste du, eta kirol jarduerak “errazteko” sinatu dute Bermeoko Udalagaz hitzarmena. Sukarrietako alkate Erruki Goirienak azaldu duenez, udalerriaren tamaina dela-eta, “ezinezkoa” da Sukarrietan Bermeon dauden moduko kirol instalazioak edukitzea: “Gure ustez, gure bizilagunek bizitza osasuntsua izateko beste udalerri batzuetakoen aukera berdinak izatea zaindu behar dugi, bai eta erraztu ere. Estrategia horren barruan sartzen dira aurreko urteetan sortutako ibilbide osasungarriak, oinez ibiltzera eta aire zabaleko ariketa egitera animatzen dituztenak. Orain, Bermeogaz dugun hitzarmenagaz eskaintza zabaltzen da, zerbitzu eta aukera ugariko instalazioetara sartzeko aukera ematen duelako, hala nola, Bermeoko udal kiroldegira”.