Sare herritarraren deialdiagaz bat egingo dute Busturialdeko zortzi udalerritan
Euskal presoen eskubideen aldeko urteroko Bilboko manifestazioaren ordez, herriz herri egingo dituzte ekitaldiak, bihar arratsaldean [urtarrilak 8].
Pandemiaren eraginez, bigarren urtez jarraian, urtarrileko Bilboko mobilizazio jendetsua bertan behera uztea erabaki du Sare herritarrak, eta horren ordez, herriz herri 200dik gora ekitaldi egingo dituzte bihar arratsaldean [urtarrilak 8].
Busturialdean zortzi udalerrik bat egin dute deialdiagaz.
- Arratzu (17:00). Loiolako plazan.
- Bermeo (17:00). Lamerako kioskoan.
- Busturia (17:00). Martxa, San Kristolaben hasi eta Altamiran amaituko dute.
- Ea (17:00). Plazan.
- Gernika-Lumo (17:00). Merkurion.
- Mundaka (17:00). Plazan.
- Muxika (17:30). Kurtzeroan.
- Nabarniz (17:00). Herriko plazan.
Mobilizazioetara joan ezin dutenei sare sozialen bitartez bat egiteko deia luzatu diete. Izan Bidea dinamikako geziarekin argazkia ateratzeko eta sare sozialetan #BIDEAN traolagaz partekatzeko eskatu dute.
Sarekideek espero dute oraingo espetxe-politika aldatzeko erabakigarria izango den urte berriaren hasiera izatea. “Halaber, sufrimenduari amaiera emateko eta etorkizun hobea eraikitzeko bide honetan elkarrekin aurrera egiteko urtea izatea espero dugu. Eta guztion artean egin behar dugu hori. Bestela, ezinezkoa izango da. Hori da hasi berri dugun urteari eskatzen dioguna, eta egunero lan egiten jarraitzeko arrazoia”.
Beraz, bihar kalera irtetearen eta salbuespeneko espetxe-politikaren amaiera eskatzeko aldarrikapena aktibo mantentzearen beharra eta garrantzia azpimarratu dute. Ildo horretatik, “salbuespenik gabe eta gehiago atzeratu gabe” euskal preso guztiak hurbiltzea eskatuko dute beste behin, eta baita bigarren gradutik hirugarrenerako “progresioa” ere. Espetxeko baimenak hartzeko, eta baldintzapeko askatasuna lortzeko “aukera desblokeatzearen” beharra azpimarratu dute.
Bizikidetzaren eta bakearen alde, “erantzukizunez, errespetuz eta enpatiaz” aurrera egiten jarraitzeko aldarrikapena egin dute.
Mahai-ingurua. Arratsaldeko Bilboko manifestazioa bertan behera utzi badute ere, goizean Euskalduna Jauregian mahai-inguruan elkartuko dira ordezkari politiko, sindikal eta sozialak. Euska Herrian izandako indarkerien biktimek parte hartuko dute.
Mahai ingurua amaituta, Sareko bozeramaileek elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko beharrari buruzko “hausnarketa labur bat” plazaratuko dute.