Muruetak aurten ere ez du jokatuko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa
Albiste txar bategaz hasi dute urtea Murueta Sokatira Taldeko kideek. Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa prestatzen aritu dira, baina “bajak eta COVIDa dela medio”, ezin izan dute taldea nahi zuten moduan osatu: “Ez gara pisu baten ere aterako. Egoerak behartuta hartu den erabakia izan da. Txapelketa prestatzen hasita ginen, baina, azkenean, ezin izan da proiektua aurrera atera”.
Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa bihar hasiko dute Ibarran. Muruetako taldea gizonezkoen lau kategorietarako zegoen izena emanda, 680, 640, 600 eta 560 kilotarako, hain zuzen.
Bigarren urtez jarraian geratu dira aipatu txapelketa jokatu barik. Izan ere, COVID-19ak eraginda, ezin izan zuten lehiatu. Orduan, gainera, Bizkaiko Txapelketa jokatu barik geratu ziren. Aurten, ostera, txapeldunorde geratu dira.
Nahi eta espero zutena baino maila “baxuagoan” aritu zirela eta sentsazioak “ez zirela onak izan” azaldu dute Muruetako taldekideek: “Nahiz eta entrenatzen ondo ibili, orokorrean, uste genuen baino maila baxuagoa eman dugu. Lehenengo jardunaldia eta gero, Gaztedigaz berdinduta geratu ginen, eta aukerak genituela ikusi genuen. Gero, eurak gorantza joan ziren, eta gu saiatu ginen euren kontra, baina, azkenean, txapeldun justuak izan dira”. Eman nahi zutena baino maila baxuagoa emateagatik, “desilusio apur bat” sentitu zuten. Hala ere, Euskadiko txapelketarako aurrera segitzeko asmoagaz zeuden.
Gabonetan ez dira entrenatu: “Positibo batzuk egon dira, eta uste genuen onena geratzea zela”. Etenaldiaren ostean hartu dute Euskadiko txapelketa ez jokatzeko erabakia: “Urterik urtera tiralariak gutxitzen joan dira. Berez tiratu nahi genuen, baina ikusi dugu gaudenon artean pisuetarako ez ginela ondo moldatuko, eta ez ginela oso lehiakorrak izango. Batzuk finkoak dira, eta beste batzuk lan kontuengatik edo bestelako arrazoiengatik ez dira egoten beti, eta beste taldeei jendea eskatzen ibili beharko ginela ikusi dugu. Dagoen egoerak ere ez du laguntzen, eta motibazio edota gogo barik ibiltzeko lan asko hartzeak ez du merezi”.
Bestalde, atzo jakinarazi zieten martxoren lehenengo astean Holandan egitekoa zen Goma Gaineko Munduko Txapelketa ere bertan behera utzi dutela.