InnovaTUNA lehiaketa abiarazi dute legez kanpoko arrantza geldiarazteko
Bermeo Tuna World Capitalek antolatu duen lehiaketan parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute; urtarrilaren 28a izango da horretarako azken eguna.
Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak arrantza sektorearen legez kanpoko arrantza eta laneko abusuak geldiarazi gura ditu irtenbide berritzaileen bitartez. Horretarako InnovaTUNA lehiaketa abiarazi dute. Helburua da irtenbide eta negozio eredu berriak sustatzea, gizartean, ekonomian eta ingurumenean eragin positiboa izango dutenak eta atunaren balio kateak aplikatu ahal izango dituenak.
Edozein pertsona edo talderi (taldea, enpresa, start-up) zuzendutako lehiaketa da. Parte hartzaileek 2022ko urtarrilaren 31ra arte izango dute proposamenak aurkezteko aukera. Horretarako, parte hartzaileek arrantza sektoreko, arrantza kudeaketa iraunkorreko eta kontsumitzailearen portaera, giza eskubideak eta lan arloko legeria bezalako arloetako adituen laguntza izango dutela zehaztu dute antolatzaileek. Aditu horiek parte hartzaileak orientatuko dituzte, eta zalantzak konpontzeko laguntza izango dute.
Parte hartu gura dutenek, hala ere, aurretiaz izena eman beharko dute, eta urtarrilaren 28a da horretarako azken eguna; BTWC elkartearen webgunean izena eman behar da.
Ideia irabazlearentzako saria 10.000 eurokoa izango da: 5.000 euroko ekarpen ekonomikoa eta negozio eredua garatu eta martxan jartzeko 60 orduko mentoring zerbitzua, sarean edo aurrez-aurrekoa izan daitekeena.
BTWCeko arduradunen esanetan, Europan sartzen den arrainaren % 15 legez kanpoko jardueretatik datorrela uste da, eta arrantza sektoreak aurre egin behar dion erronka horri erantzun gura dio InnovaTUNA lehiaketak.
Hemen lehiaketa iragartzeko sortu duten bideoa:
“Urtero, 11 eta 26 milioi tona arrain legez kanpo harrapatzen dira mundu osoan, eta horrek 10.000 eta 23.500 milioi dolar (USD) arteko galerak eragiten dizkio munduko ekonomiari”, nabarmendu du BTWC elkarteko presidente Ignacio Serratsek.
Gaineratu du harreman estua dagoela INDNR arrantza jardueren (legez kanpokoa, aitortu gabea eta arautu gabea) eta giza eskubideen abusuen artean: “Beste sektore batzuetan bezala, beharrezkoa da itsasoan lan egiten duten pertsonak gizarteratzea eta berdintasuna, giza eskubideen errespetua eta lan baldintza seguru eta txukunak bermatuko dituzten gizarte eta lan estandar duinetan egitea. Hala ere, askotan, itsasgizonak eta arrantzaleak beste edozein industriatan onartezinak izango liratekeen baldintzetan lan egitera behartuta egoten dira”.
Horregatik guztiagatik, uste dute baliokatearen azken katebegiak, hau da, kontsumitzaileak, jakin behar duela “zer inplikatzen duen eskuratzen dituen produktuen balio jasangarriak eta propietateek, eta zer mehatxu dakarren itsas baliabideen erabilera iraunkorrerako eta kontserbazio helburuetarako, bai eta munduko ozeanoetan eta beste ekosistema urtar batzuetan, merkataritzan eta kostaldeko komunitateetan eragiten dituen funtsezko ondorio negatiboak ere”. Azaldu dutenez, horrek guztiak “eragin zuzena” izan dezake kontsumitzaileen erosteko erabakian, “gero eta arduratsuagoak eta zorrotzagoak baitira erosketa portaeretan”.
Hori guztia kontuan hartuta, InnovaTUNA BTWC elkarteak antolatutako ekimen berri bat da, eta Bermeoko Udalaren, Itsasgarapen Elkartearen eta Urdaibai Biosferaren Erreserbaren laguntza dauka. Ekimen horren helburua talentua sustatzea eta produktu eta zerbitzu berriak garatzeko potentzial handia duten ideia berritzaileak sortzea da, atunaren balio katea iraunkortasunean lerrokatzen laguntzeko, ikuspegi oso batetik, eta sozioekonomikoki sektorea garatzen laguntzeko.