Gernika Sariak, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Elkartearentzat eta Kaltzada Egoitzako zaintzaileentzat
Giza eskubideen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik jasoko dituzte sariok. Urtero legez, apirilaren 26an banatuko dituzte sariak Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenean.
Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligak eta Gernika-Lumoko Kaltzada Egoitzako zaintzaileek jasoko dituzte Bakearen eta Adiskidetzaren aldeko aurtengo Gernika Sariak. Giza eskubideen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik jasoko dituzte sariok.
Gernika-Lumoko Udal ordezkari politikoek, Alemaniako Pforzheim hiriko lehen zinegotziak, Gernika Gogoratuz Fundazioak, Kultur Etxeak eta Bakearen Museoak osatu dute epaimahaia.
1915ean sortutako munduko erakunde feminista zaharrena da Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Liga, eta adiskidetasuna sustatzeagatik jasoko du saria; izan ere, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseikuaren eta Batzar Nagusiaren jarduerak gainbegiratzen ditu, erreformak sustatzeko eta kontseiluan betoa amaitzearen alde egiteko asmoz.
Erakundearen helburu nagusietako bat da emakume guztien boto eskubidea bermatzeko eskatzea, baita Lehen Mundu Gerraren amaiera bultzatzeko biotartekaritza jarraitua eskaini zuten alderdi neutralen konferentzia bat egitea ere.
Bestalde, Kaltzada Egoitzako zaintzaileen lana ere saritu gura dute aurtengo Gernika Sariek. Izan ere, pandemiaren unerik okerrenetan, egoitzan bertan konfinatzeko erabakia hartu zuten langileek, “adinekoak babesteko eta arriskuak gutxitzeko asmoz”. Ekintza horregaz, zaintzarekiko eta bizitzarekiko konpromisoa erakutsi zutela ondorioztatu dute Gernika Sarien epaimahaikideek, “balio handiko ekintza eredugarria” izan zela adieraziz.
Gernika Memoriaren Lekuko plataforma bat dator sarien aurtengo aitortzekin. Hala ere, Kaltzada Egoitzako langileen lana “lehenago” aitortu beharra zegoela uste dute; horren harira, gogoratu dute 2020ko apirilaren 26an Astrako sirena Kaltzada Egoitzako langile batek piztu zuela, Lobak elkarteak bultzatuta. Halaber, Gernika-Lumoko Udalak Kaltzada Egoitzan duen eskumena kontutan hartuta, plataformako kideek udalari adierazi diote langileen lan baldintzak hobetzea litzatekeela aitortzarik handiena: “Horretan asko dago egiteko eta ez da itxaron behar”.
Urtero legez, apirilaren 26an banatuko dituzte sariak Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenean; 85. urteurreneko ekitaldiak izango dira aurtengoak. Iaz, Kids Gernikan izeneko nazioarteko proiektuak eta Nazioarteko Bake Brigadek jaso zituzten sariak.
Sare “anitzak”. Gernika Memoriaren Lekuko plataformak Gernika Sarien iradokizunak ahalik eta “zabalenak, anitzenak eta osoenak” izatea bermatu gura dute, eta horretarako gogoeta soziala eta instituzionala egin beharko litzatekeela uste dute: “Ez dugu uste dagokion zabalpena, parte hartzea eta baliabideak jartzen direnik herritarron atxikimendua sustatzeko”.
Aurten, aitortu dute epez kanpo iradoki dutela euren proposamena, baina jakinarazi gura izan dute zein zen eurena: Berlingo Berghof Fundazioa.
Aurten 10 urte bete dira Aieteko jauregian konferentzia historikoa gauzatu zenetik, euskal gatazkari “aterabide” adostu bat emateko topagunean elkartu zirenetik: “Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta ordezkari instituzionalen bilgune ahalik eta zabalenek, eta nazioarteko gatazketan eragile aktibo garrantzitsuak diren ordezkariak bildu zituen. Gatazkari amaiera adostua emateko bost puntuko erresoluzio batekin bukatu zen, eta ondoren, ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuen”.
Ibilbide luzeago baten “abiapuntua” bihurtu zen konferentzia hura, eta ordutik, egitasmo askok elikatu dute bakerako bidea, tartean, Berlingo Berghof Fundazioak. “Urte guzti hauetan Berghof fundazioa bidaia lagun izan du Euskal Herriak. Eta dagokion aitortza egitea badagokigula uste dugu. Elkarte independiente, gobernuz kanpokoa eta irabazirik gabekoa da, eta bere xede nagusia da bortizkeria sozial eta politikoa gainditu eta bake iraunkorra egikaritzen laguntzea“. Jakinarazi dutenez, mundu mailan izaera ezberdinetako gatazketan esku hartu du: “Gure herrian modu emakorrean eragin positiboa izan du, zalantzarik gabe”.