Busturialdean ia 2.000 positibo erregistratu dituzte aste bakarrean
Osasun Sailaren datuen arabera, abenduaren 30etik urtarrilaren 5era 1.993 positibo zenbatu dituzte eskualdean. Horietatik 824 Gernika-Lumon eta 696 Bermeon erregistratu dituzte. Bertoko 20 udalerriek eremu gorrian segitzen dute.
COVID-19aren seigarren olatuaren ondorioak nabarmenak dira Busturialdean ere, eta horren erakusgarri dira Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren datuak.
Osasun Sailaren datuen arabera, abenduaren 30etik urtarrilaren 5era 1.993 positibo zenbatu dituzte eskualdean, eta bertoko 20 udalerriek eremu gorrian segitzen dute. Hain zuzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanestosa da eremu gorrian ez dagoen bakarra; intzidentzia-tasa zeroan dauka.
Aurreko zazpi egunetan, ostera, 1.279 izan ziren positibo emandako Busturialdeko herritarrak. Beraz, azken 14 egunetan (abenduaren 23tik urtarrilaren 5era ) 3.272 positibo zenbatu dituzte eskualdean, horietatik 1.339 Gernika-Lumon eta 1.151 Bermeon.
Datuak herriz herri (abenduak 30-urtarrilak 5):
- Ajangiz: 27 positibo
- Arratzu: 15 positibo
- Bermeo: 696 positibo (6.806,62ko intzidentzia-tasa)
- Busturia: 47 positibo
- Ea: 19 positibo
- Elantxobe: 17 positibo
- Ereño: 15 positibo
- Errigoiti: 26 positibo
- Forua: 47 positibo
- Gautegiz Arteaga: 24 positibo
- Gernika-Lumo: 824 positibo (7.966,44ko intzidentzia-tasa)
- Ibarrangelu: 18 positibo
- Kortezubi: 24 positibo
- Mendata: 9 positibo
- Morga: 6 positibo
- Mundaka: 68 positibo
- Murueta: 22 positibo
- Muxika: 74 positibo
- Nabarniz: 10 positibo
- Sukarrieta: 5 positibo
Txertaketa. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aste honetako agerraldian jakinarazi zuenez, astelehenean hasi ziren Osakidetzan 50 eta 45 urte bitarteko pertsonei errefortzu-dosia jartzeko hitzordua ematen.
Autonomia erkidegoaren egoera epidemiologikoa “ona ez bada ere”, nabarmendu zuen COVIDaren eragina “askoz txikiagoa dela behar beste babestutako pertsonengan”, eta horregatik, txertoa jartzeko deia egin zuen. 12 urtetik beherakoei dagokienez, esan zuen “xede-biztanleriaren % 34,9k jaso dutela” lehenengo dosia.