Jokin Abaitua artista gernikarraren 'Ausentziatik sortzen da beharrizana' erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. Ikatzez, pastelez edota olioz eginiko marrazki eta pinturak ikus daitezke.
Sorkuntza prozesuaren bakarrizketatik pentsamenduan sakontzeko ahaleginak diren hamazortzi lan erakusten ditu Jokin Abaitua artista gernikarrak Ausentziatik sortzen da beharrizana izeneko erakusketan. Bilduma Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan ikusgai dago, eta urtarrilaren 10era arte bisitatu ahalko da; inaugurazio ekitaldia gaur 18:00etatik aurrera egingo dute.
Azken urteotako pintura prozesu batetik jaio diren artelanak biltzen dituen erakusketa da Abaituarena. Hautatutako hamazortzi lanen artean, ikatzez, pastelez edota olioz eginiko marrazki eta pinturak ikus daitezke. “Marrek eta orbanek, forma eta kolorea baino ez diren horretan, berezko zentzua ematen die pinturei”, azaldu du artista gernikarrak. Dioenez, lanek ez dute ezagutzaren espantzioa edota medioen esperimentazioa erakustea xede, kontrakoa baizik: “Sorkuntza prozesuaren bakarrizketatik pentsamenduan sakontzeko ahaleginak dira”.