San Juan urbanizatzen jarraituko dute, oinezkoak lehenesteko
Lehenengo fase batean San Juan eta Don Tello kaleen arteko tartea egokitu zuten, eta bigarren fasean bi tarte berrituko dituzte: Artekale kaletik Ocho de Enero kalera arteko tartea eta Don Tello kaletik errekara artekoa.
San Juan kalea urbanizatzen jarraituko du Gernika-Lumoko Udalak, hiribilduko kaleak eta plazak hobetzeko planagaz jarraitzeko asmoz eta oinezkoentzako herri “atsegin eta eroso bat” izateko helburuagaz. Lehenengo fase batean San Juan eta Don Tello kaleen arteko tartea egokitu zuten, eta bigarren fasean bi tarte berrituko dituzte: Artekale kaletik Ocho de Enero kalera arteko tartea eta Don Tello kaletik errekara artekoa.
Udalerriko arteria nagusietako bat urbanizatzeko bigarren faseko lanak ekainaren amaituta izatea aurreikusi dute. Zehazki, lanek San Juan kaleko 177 metroko azalera hartuko dute –102 metro lehenengo tartean eta 65 metro bigarrenean– eta 360.000 euro inguruko aurrekontua izango dute.
Obragaz Aldape kalearekiko iriste erraztasuna hobetuko dutela adierazi du alkateak, “gaur egun San Juan eta Aldape kaleetako lotura ez delako egokiena”.
Asmoa da “herriari hirigintzako irudi bera ematea, bai erdiguneko kaleetan, bai auzoetan ere”, azpimarratu du Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak. Izan ere, egokituko diren bi tarteetan lehenengo fasean egindako lanak gauzatuko dituzte. Hau da, errodadura eremua igoko da, espaloiaren maila berean kokatu arte. Asfalto inprimatu bat ere jarriko dute, harrizko galtzada imitatuz.
“Hori eginda, pasabide hori oinezkoentzako lehentasunezko gune bihurtuko da. Gainera, ibilbidearen altuera desberdintasunak ezabatuko dira, kalearen iriste erraztasuna hobetuz”, azaldu du alkateak.