Gurutze Gorriak 1.447 jostailu behar ditu, egoera zaurgarrian dauden familiei laguntzeko
Bildutakoen %3 baino ez 13 urtetik gorakoentzat; hori dela eta, Bizkaiko Gurutze Gorriak 10 urtetik gorako umeak kontuan hartzeko eskatu du. Urtarrilaren 4an amaituko da bilketa kanpaina.
Egoera zaurgarrian dauden familien umeei laguntzeko asmoz, jostailuak batzeko Haien eskubideak jokoan elkartasun kanpaina abiatu zuen Gurutze Gorriak azaroan. Urtarrilaren 4ra arte irauten duen kanpainaren erronka da 5.000 jostailu biltzea, baina 1.447 jostailu falta zaizkiela jakinarazi dute Gurutze Gorriko arduradunek.
Orain arte umeentzako 3.553 jostailu bildu dituzte, beraz, 1.447 dira falta direnak. Jakinarazi dutenez, bildutakoen %40 dira 0 eta 3 urte bitarteko umeentzat, %29 dira 4 eta 6 urte bitartekoentzat, %18, berriz, 7 eta 9 urte bitartekoentzat, %10 dira 10 eta 12 urte artekoentzat eta %3 baino ez 13 urtetik gorakoentzat. “Hori dela eta, Bizkaiko Gurutze Gorriak 10 urtetik gorako umeak kontuan hartzeko eskatzen die herritarrei”.
Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, COVID-19ak sortutako osasun egoeraren ondorioz, euren arreta jasotzen duten familia askoren egoera “larriagotu” egin da, “laguntza hori jasotzen dutenen kopurua nabarmen handitzeaz gain”. Horregatik, jasotako jostailuak gehien behar dituzten familiei emango zaizkie, hau da, euren egoera dela eta, jaietan seme-alabei opariak erosteko aukerarik ez duten horiei.
Jostailu berriak, ez belikoak, ez sexistak, eta beraz, hezigarriak eman beharko dira dohaintzan, ikaskuntza eta bizikidetza bultzatze aldera, txikienen artean hezkuntza printzipioak eta balioak sustatzeko. Bildutako jostailua berria izan beharko da, segurtasunari buruzko Europako araudiari jarraikiz, jostailuen kalitatea bermatu behar delako, “eta hori ezin da jostailu erabiliekin egin”. Bestalde, Gurutze Gorriaren iritziz, bereizketarik egin gabe, duintasunez eta nahi berdinez, edozein neska mutilek dute jostailu berria jasotzeko eskubidea eta hala izatea merezi du.
Bilketa puntuak eta dohaitzak. Bilketa puntuak, ordutegiak eta kanpainaren informazioa Gurutze Gorriaren webgunean kontsulta daitezke. Bilketa gune gehienak Gurutze Gorriaren oinarrizko zutabe diren boluntarioek artatuko dituzte.
Jostailuak gaitutako bilketa puntuetan entregatzeaz gain, kanpainan lagundu ahalko da honako hauen bidez dohaitza eginda: webgunean gaitu diren ordainketa digitalaren kanalak, 900 104 971 telefono zenbakira deituta, SMS baten bidez 38088 zenbakira ‘Jostailua’ hitza bidalita (3 euro) edo 38061 zenbakira Bizuma eginda (gutxienez 5 euro). Zehaztu dutenez, diru bilketa guztia, “oso osorik”, jostailuak erostera bideratuko da.