Gernika-Lumoko LAB: "Gernikako alkateak 56 urteko langile bat kalean utzi du"
Sindikatu abertzaleak jakinarazi duenez, udalak txandakako kontratua eskaini zion lan poltsaren lehen postuan zegoen pertsonari, eta pertsona horrek zuen lan postua utzi zuen udalerriko kontratua betetzeko. Alkateak, baina, "sinatzeari uko" egin diola salatu du LABek.
Gernika-Lumoko LAB sindikatuak salatu du Jose Maria Gorroño udalerriko alkateak 56 urteko langile bat “kalean utzi” duela.
Sindikatu abertzaleak jakinarazi duenez, udalak txandakako kontratua eskaini zion lan poltsaren lehen postuan zegoen pertsonari, eta pertsona horrek Laudioko Udalean zuen lan postua utzi zuen udalerriko txandakako kontratua betetzeko. Alkateak, baina, “sinatzeari uko” egin diola salatu du Gernika-Lumoko LABek: “Alkateak sinatzeari uko egin zionean sortu zen arazoa”. Izan ere, langileak Laudioko bere postuari borondatez uki egin zionez, lanik gabe eta langabeziarako eskubiderik barik geratu da.
Sindikatuaren berbetan, alkateak “argudiatu” du lan poltsa ez datorrela bat arauekin: “Alkateak dio lanpostua ez dela araura egokitzen, baina, hori ere guztiz zalantzazkoa da; izan ere, txosten teknikoek lan poltsa hori erabat legezkoa dela egiaztatzen dute”.
Hori dela eta, alkatearen jarrara kritikatu dute sindikatu abertzalekoek: “Langileriaren arloari buruzko dekreturik inoiz ez sinatzea Gernikako alkatearen ohiko jarrera bihurtu da. Hau ez da kasu bakarra, eta horrek negoziazio mahaietan lortutako akordio gehienak gauzatu gabe geratzea dakar”. Udal kudeaketa “pertsona bakarraren mende” dagoela dio Gernikako LABek, alkateak “teknikarien eta sail osoen lana zalantzan jartzen duela” adieraziz.