Gautegiz Arteagako herriko plazaren diseinu berria ikusgai dago
Maketa udaletxeko osoko bilkuren aretan dago ikusgai urtarrilaren 7ra arte, 09:00etatik 14:00etara bitartean.
Gautegiz Arteagako Udalak herriko plaza berriaren diseinua erakutsiko du, “interesa daukaten guztiek diseinu berria zelakoa den jakiteko”. Maketa urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai osoko bilkuren aretoan, 09:00etatik 14:00etara, eta maketaz gain, proiektuaren plano eta material batzuk ere erakutsiko dira.
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak dio herriko plazaren proiektua “udalerriko egungo bizimodura” egokitzen dela: “Herriko plaza berria sortzea da Gautegiz Arteagarako azken aldiko proiekturik garrantzitsuenetako bat. Aurrerapausoa da hainbat arlotan: irisgarritasuna, segurtasuna, iraunkortasuna, diseinua… Gure udalerriko egungo bizimodura egokitzen den proiektua da, gure bizilagunen aisialdia eta bizitza soziala gero eta gehiago kontzentratzen delako gure herrian”.
Naberanek maketa ikusten joateko gonbidapena egin die herritarrei: “Plazaren egungo zatiketa hautsi gura dugu, espazio eroso, seguru eta funtzio anitzekoa sortzeko. Gautegiz Arteagak herritar guztiek berme guztiekin gozatzeko aukera izan dezaten erdigune bat merezi du. Ilusioz betetako proiektua da”.
Herriko plaza berria diseinatzeko, udalak ideia lehiaketa bat jarri zuen martxan, eta proposamen irabazlea Donostiako arkitektura estudio batena izan zen. “TOPA izeneko proiektuak, epaimahaia ez ezik, udalerriko bizilagunak ere asebete zituen”, azaldu du alkateak. Izan ere, proiektuak estetika zaindua izateaz gain, “funtzionaltasuna, irisgarritasuna eta edertasuna” jorratzen ditu.