Ez da marijesien abenduaren 24ko hirugarren errondarik egingo
"Zentzua, zuhurtzia eta arriskuak saihestea" lehenetsi dute Gernikako Marijesiek.
Gernikako Marijesiek bertan behera utzi dute abenduaren 24ko hirugarren erronda. 10:00etatik eguerdira artean egiten dute, Gernika-Lumoko kaleetan zehar, eta helburu jakin baterako diru bilketa egiten dute; diru bilketa hori ere bertan behera geratu da.
COVID-19ak sortutako egoera epidemiologikoak eragindako egoeraren azken datuei erreparatuta hartu dute erabakia marijesiek: “Goizaldean, marijesien zazpigarren eguneko ohiko erronda hasi orduko egin dugu batzarra, eta bertan hartu da erabakia”. Zehaztu dutenez, ez dago kalez kale goizeko erronden moduko ekitaldien galarazpenik aginduta, baina, “zentzua, zuhurtzia eta arriskuak saihestea” lehenetsi dute Gernikako Marijesiek: “Hori dela eta, erakunde arduradunak emandako gomendioekin eta deialdiekin bat egiten dugu Gabon aurreko egun horretan”.