Ez da Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen ohiko desfilerik egongo Gernika-Lumon
Erabakiagaz udalaren lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea izan da: "Tokiko Gobernuak ohiko harrera horiek kentzea erabaki du, birusaren transmisioa ez areagotzeko".
COVID-19a areagotzeko arriskua aintzat hartuta, Gernika-Lumoko Udalak bertan behera utzi ditu Gabon egutegiaren parte diren Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen ohiko desfileak. “Aurten ez da egongo Olentzero eta Mari Domingiren, ezta Errege Magoen desfilerik egongo. Tokiko Gobernuak ohiko harrera horiek kentzea erabaki du, birusaren transmisioa ez areagotzeko“.
Azaldu dutenez, udalerriak bat egin du LABI batzorde tekniko-zientifikoak emandako gomendioekin; izan ere, pandemiaren aurretik ohikoak ziren ekitaldiak saihestea aholkatu du, “birusaren transmisioa areagotzeko arriskua dagoelako, eta horrek, osasun sisteman eta pertsonen osasunean ezagunak diren ondorioak dakartzalako”.
Udalaren lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea dela adierazi du Jokin Garatea kultura zinegotziak. Azaldu duenez, aurtengo egoera “oso konplikatua” da, eta pandemiaren bilakaera aztertuta, herritarren “segurtasuna bermatzeko” neurriak hartu behar izan dituzte. “Hori da egiten ari garena, osasun agintarien gomendioekin bat etorrita, zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatu behar dugu”, adierazi du zinegotziak.