Azken lau egunetan 86 positibo zenbatu dituzte Busturialdean
Eskualdeko 20 udalerrietatik 16 daude gune gorrian, Gautegiz Arteaga gune laranjan dago eta Ajangiz, Ibarrangelu eta Nabarniz, berriz, gune berdean daude.
Azken lau egunetan COVID-19aren 86 kasu positibo zenbatu dituzte Busturialdean. Hamabi udalerritan erregistratu dituzte positiboak: 36 Gernika-Lumon, 33 Bermeon, 4 Ean, bina Busturian, Mendatan, Morgan eta Muxikan, eta bana Errigoitin, Gautegiz Arteagan, Kortezubin, Muruetan eta Sukarrietan.
Eskualdeko 20 udalerrietatik 16 daude gune gorrian, Gautegiz Arteaga gune laranjan dago eta Ajangiz, Ibarrangelu eta Nabarniz, berriz, gune berdean daude; azken hiru horietan ez dute kasu positiborik zenbatu azken 14 egunetan. Kortezubi eta Sukarrieta beraz, gune gorrian sartu dira azken lau egunetan, eta Ajangiz atera egin da.
Azken astean, ez dute kasu positiborik atzeman Arratzun, Foruan eta Mundakan, baina gune gorrian jarraitzen dute, azken 14 eguneko intzidentzia metatua kontuan hartzen dutelako eta joan den astean kasu positiboak zenbatu zituztelako.
Bestalde, gune berdean eta laranjan dauden lau udalerriez gain, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Kortezubi eta Sukarrieta gune gorrian egon arren, ostalaritza establezimenduetan ez da beharrezkoa COVID ziurtagiria eskatzea, intzidentzia tasa 300 azpikoa delako.
Eskualdeko udalerri handienetan zenbatu dituzte kasu positibo gehienak azken astean, 58 kasu Bermeon eta 70 Gernika-Lumon. Udalerri horien intzidentzia tasak ere goranzko joera izaten jarraitzen du; gaur gaurkoz, 603,19ko intzidentzia tasa dauka Bermeok eta 702,05ekoa Gernika-Lumok.
Osasun sailetik jakitera eman dutenez, Bizkai Araba eta Gipuzkoako intzidentzia tasak ere goranzko joera izaten jarraitzen du. Arabak 1.227,4ko tasa dauka (148 puntu igo da), Bizkaiak 894,4koa (183 puntu igo da) eta Gipuzkoak 1.570,67koa (49 puntu igo da). Araban 2 herri daude gune gorritik kanpo (lurraldean 51 herri daude), Bizkaian 8 (lurraldean 112 herri daude) eta Gipuzkoan 6 (lurraldean 88 herri daude).