Elkartasuna, Aita Mari ontziarentzat
Bat Ez da Gitxi plataformak Aita Mari ontziari laguntzeko dirua batuko du zapaturako antolatu duen musika jaialdian. Astran egon gura duenak sarrerak aurretiaz eskuratu ahalko ditu Ospan, eta egunean bertan Astran.
Aita Mari ontziari laguntzeko dirua batuko du aurten Bat Ez da Gitxi plataformak. Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontzia da Aita Mari, eta Gobernuz Kanpoko Erakunde horri ekarpena egin gura izan diote plataformako kideek. Horregatik, musika jaialdia antolatu dute zapatuarako Astran.
Musika jaia hasi aurretik, baina, Aita Mari ontziko kideen hitzaldia entzun ahalko dute bertaratzen direnek; euren errealitateari eta euren helburuei buruz berba egingo dute kulturarako fabrika sozialean. Hain zuzen ere, jaialdia 21:30ean hasiko da itsasontziko kideen hitzaldiagaz, eta 22:00etik aurrera, Feline eta Kaleko Urdangak arduratuko dira jaialdiari festa giroa emateaz.
Urte luzez antolatutako jaialdiaren helburua beti izan da laguntzea, eta aurten, erreskate ontziarentzako izango da bildutako dirua. “Aita Mari ontziak 105 pertsona erreskatatu zituen urrian Mediterraneo itsasoan, Italiako Lampedusa uhartearen parean, tartean bi adingabe. Albiste horretaz jabetuta, eurentzako dirua batzea erabaki genuen”, azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, arduradunen ustetan “kristoren lana” da ontziko kideek egiten dutena, eta euren behar horri ekarpena egin gura izan diote aurten.
Lagun artean, duela zortzi urte inguru hasi ziren musika jaialdia antolatzen, “gehien behar dutenei laguntzeko asmoz”, eta ez dute etenik. Gutxi eginda ere, asko eman daitekeela diote antolatzaileek, baita erakutsi ere. “Duela zortzi urte inguru antolatu genuen lehenengo jaialdia, eta batutako dirua Angolako monjei bidali genien. Kristoren laguntza eman geniela esan ziguten, eta asko eskertu zuten guk egindakoa. Ordutik, urtero antolatu dugu zerbait. Iaz esaterako, pandemia tarteko, rifa batzuk kaleratu genituen”.
Jaialdia antolatzea ez zaiela “gehiegi” kostatzen diote, eta egindakoak “asko asbetetzen” dituela onartu dute: “Pertsonalki jaialdia antolatzeak ondo sentiarazten digu. Zerbait egiteko beharra ikusi eta ez dela zaila erakutsi gura dugu. Mundu guztiak egin dezake zerbait, kontua da inork ez duela lehen pausoa ematen. Guk eman genuen”.
Musika taldeen esker ona eskertu dute antolatzaileek, baita Aita Mari ontziko kideen prestutasuna ere. “Hasieratik kontzertua eskaintzeko zein laguntzeko prest egon dira biak ala biak”, adierazi dute.
Astran egon gura duenak sarrerak aurretiaz eskuratu ahalko ditu Ospan, eta egunean bertan Astran. Antolatzaileek nabarmendu dute biltzen den azken zentimoa Aita Mari ontziarentzako izango dela.