Gabonetako kontzertuak eskainiko ditu SOMEk
Hilaren 21ean eta 22an Elai Alai aretoan eta Lizeo Antzokian ariko dira Segundo Olaeta Musika Eskolako musikari gazteak.
Gabonetako oporrak heltzear daude, baina abenduko ospakizunekin hasi aurretik, Gabonetako kontzertuak eskainiko dituzte Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleek. Abenduaren 21ean eta 22an Gernika-Lumoko Elai Alai aretoa eta Lizeo Antzokia musikatuko dituzte musika eskolako ikasleek.
Ikasturtean zehar landutakoak jendaurrean erakusteko aukera izango dute musikariek, eta jakinarazi dutenez, “maitasun handiz” prestatu dituzte emanaldiak.
Abenduaren 21ean, 19:00etan, Lizeo Antzokira hurbiltzen direnek, Txelo Taldearen, Banda Gaztearen, Orkestraren eta Banda Sinfonikoaren kontzertuez gozatu ahalko dute.
Hilaren 22an, berriz, bi emanaldi eskainiko dituzte. Lehena 19:00etan hasiko da Elai Alai aretoan, eta Orkestra Txikiak, Kimuek, Gitarra Orkestrak, eta Akordeoi eta Ganbara taldeek oholtza gainean eskainiko dituzten musika saioez gozatu ahalko dute bertaratzen direnek, baita piano bakarlarien emanaldiez ere. Bigarren saioa 20:00etan abiatuko da Lizeo Antzokian, eta Musika Eskolako Konboen kontzertua entzun ahal izango dute entzuleek.