COVID-19aren 71 kasu positibo berri zenbatu dituzte Busturialdean
Busturialdeko 20 udalerrietatik 15 gune gorrian daude, eta beste bost gune berdean.
Azken hiru egunetan COVID-19aren 71 kasu positibo berri zenbatu dituzte Busturialdean. Zortzi udalerritan erregistratu dituzte positiboak: 34 Gernika-Lumon, 25 Bermeon, hiruna Busturian eta Mundakan, bina Ean eta Muxikan eta bana Elantxoben eta Mendatan.
Busturialdeko 20 udalerrietatik 15 gune gorrian daude, eta beste bost gune berdean. Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Nabarniz eta Sukarrieta dira gune berdean daudenak. Horietaz gain, beste lau udalerritan ez dute kasu positiborik atzeman azken astean, baina gune gorrian jarraitzen dute; hori da, hain zuzen ere, Ajangizen, Ereñoren, Errigoitiren eta Morgaren kasua. 14 eguneko intzidentzia metatua kontuan hartzen dutelako daude aipatu udalerriak eremu gorrian.
Osasun sailetik jakitera eman dutenez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 14 egunetako intzidentzia tasa metatuan errekor berri bat lortu da gaur, 100.000 biztanleko 1.000 kasutik gorakoa izatera helduz. Izan ere, gaur 2.200 kasu positibo baino gehiago zenbatu dituzte, eta 300 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 100 inguru Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daude.
Gaur egungo egoeraren aurrean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak txertaketaren garrantzia azpimarratu du, txertoaren eragina “ukaezina” dela esanez, eta indarrean dauden neurriak betetzera deitu du. Hain zuzen ere, gaur hasi dira haurren txertaketagaz, eta sailburuak esan du “oso ondo” hasi dela. Gainera, zehaztu du haurrentzat txertoa jartzea “normala” dela, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan txertaketa egutegia bete egiten baita.
Ziurtagiria. Ildo horretan, sailburuak azaldu du Covid ziurtagiria gaur egungo “egoera kontrolatzeko tresna” bat dela, zenbait espaziotan segurtasuna handitzea helburu duena. “Txertatuta egotea segurtasun-bermea da”, nabarmendu du.