Munitiz auzorako bidegurutzean bide segurtasuna hobetuko du Sukarrietako Udalak
Sukarrietako Udalak Munitizko bidegurutzeko segurtasuna hobetu asmoz, dezelerazio errail bat eta espaloi berri bat egingo ditu bide horretan. Lanokin hurrengo asteetan hasiko dira, eta bi hilabeteko epean gauzatzea da asmoa.
Munitizko bidegurutzean bide segurtasuna eta iriste erraztasuna hobetu asmoz, dezelerazio errail bat eta espaloi berri bat egingo ditu Sukarrietako Udalak. Bi hilabeteko epean gauzatuko diren lanok esleituta, hurrengo asteetan obrekin hastea aurreikusi dute.
Jardueraren helburua da Munitizko bidegurutzearen bide segurtasuna hobetzea, BI-2235 errepideko 46.300 kilometro puntuan hain zuzen. Izan ere, udal ordezkariek diotenez, gaur egun ez dago Munitiz auzora sartzeko errail egokirik. “Gure herria zeharkatzen duen errepideko segurtasunak beti kezkatu gaitu. Sukarrietako zeharbidea oinezkoentzat eta gidarientzat segurua izatea gura dugu. Horregatik, Munitiz auzorako sarbidea hobetu gura dugu, errepidetik dezelerazio errail bat sortuz. Obra honegaz guztiok irabazten dugu, oinezkook zein gidariok”, adierazi dute udal arduradunek.
Obragaz dezelerazio zuzeneko errail bat sortuko dute, eta espaloi berri bat egin. Espaloia galtzadaren barrualdera mugituko dutela adierazi dute, egungo espaloiaren ordez dezelerazio erraila jarriko baita bertan. Lanak egiteko, “beharrezkoa” da eremua handitzea eta horretarako 50 zentimetroko bide bazter berri bat egingo dute, espaloiaren eta ezpondaren artean. Besteak beste, proiektuaren parte dira beharrezko hormak jartzea, zerbitzu sareak instalatzea, espaloiak eta galtzadak zolatzea, seinale bertikalak eta horizontalak kokatzea, eta hiri altzariak erostea. “Obragaz, auzora sartzen diren ibilgailuen abiadura egokitzea bilatzen dugu”, adierazi dute arduradunek.
Bi fase. Errepidean egingo diren lanak bi fasetan egitea aurreikusi dute. Lehenengo fasean bidea estutuko dute, eta ibilgailuen joan-etorria egokituko dute lanak egin ahal izateko. Bigarren fasean, dezelerazio adar berria prestatuko dute, eta bide seinaleak egokituko dituzte.
Lanok egiteko 150.557,88 euroko aurrekontua aurreikusi du Sukarrietako Udalak, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du. Hain zuzen, aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak 25.417,93 euroko diru laguntza eman dio udalari.