Hazitoki Topaketak: Behar bereziak dituzten pertsonen lehen zirku topaketak Gernikan
Jardunaldi inklusiboak abenduaren 17an, 18an eta 19an gauzatuko dituzte, eta 14 eta 23 urte bitarteko 50 pertsona inguru elkartuko dituzte Gernika-Lumon.
Behar bereziak dituzten pertsonen lehen zirku topaketa egingo dute asteburuan Gernikan: Hazitoki Topaketak. Jardunaldi inklusibo horiek abenduaren 17an, 18an eta 19an gauzatuko dituzte, eta 14 eta 23 urte bitarteko 50 pertsona inguru elkartuko dituzte; hain zuzen ere, zirkuan inklusioa lantzen duten Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hainbat eskola eta elkartetik gerturatuko dira parte hartzaileak.
Proiektuaren helburu nagusia da zirkua praktikatzen duten eta gaitasun desberdinak dituzten pertsonei ikusgarritasuna ematea, baita eurentzat ezinezkoak liratekeen gauzak garatzeko, erlazionatzen ikasteko eta esperimentatzeko espazio bat eskaintzea ere.
Zirkungintzak eta Urdaibaiko arte eszenikoen konpainiak antolatu dute topaketa, eta jardunaldi hauek zirkuaren eta arte eszenikoen munduan “inklusioaren erreferente” izatea gura dute: “Aintzindari izan nahi dugu erabat inklusiboa den gazte eta nerabeentzako espazio baten sorkuntzan”.
Badakite Bizkai, Araba eta Gipuzkoan arte eszenikoen topaketa asko egiten direla, baina Hazitoki Topaketak “balio bakarra eta berria” eskaintzen duela uste dute, guztiz beharrezkoa dena: “Alde batetik, oraindik zirkua egiten ez duten behar bereziak dituzten pertsonek elkarrengandik desberdinak diren pertsonekin harremanak izateko eta erronka berriak bilatzeko bide bat ikus dezakete, eta, bestetik, gizarteari jakinarazi gura diogu zein garrantzitsua den pertsona guztiak eguneroko bizitzan sartzea”.
Jardunaldi inklusiboak gauzatuko diren hiru egunetan, parte hartzaileek jarduera programa zabala izango dute eta prestakuntza jasotzeaz gain, esperientziak partekatuko dituzte. Antolatzaileek topaketa gizartera zabaldu gura du, eta publiko guztientzako bi ekintza antolatu ditu zapatu eta domekarako; izan ere, premia bereziak dituzten pertsonen inklusioak gizarte kohesionatu bategaz bat egin behar duelako.
Hori horrela, abenduaren 18ko 12:30etik aurrera, Lizeo Antzokian, Zirkuarekin Ametsetan zirku ikuskizun inklusiboa ikusteko aukera egongo da hiru euroren truke –sarrerak lehiatilan bertan eskuratu ahalko dira–. Abenduaren 19an, berriz, zirku tailer ireki batean elkartuko dira Astran, 11:30etik 13:00etara bitartean. Tailerra pertsona guztientzako zabalik egongo da.
Hazitoki proiektua. Arte Eszenikoetan pertsonak integratzeko Hazitoki elkarteak sortutako zirkoaren bidezko gizarteratze proiektua da Hazitoki. Jolas eta kultura lengoaia konbinatuz, pertsona guztiak, haien gaitasuna edozein dela ere, ikasgelan elkarregaz egotea da Hazitokiren helburua. “Zirkuaren aniztasunari esker, pertsona bakoitzak berari egokitutako diziplina aurki dezake, ondo sentiaraztea lortuko duena, eta bere eguneroko oztopoak gainditzen lagunduko diona”, azaldu dute proiektuaren sustatzaileek.
Hazitoki Topaketak Eusko Jaurlaritzako kultura sailak diruz lagundutako proiektua da. Jaurlaritzaz gain, ondorengo enpresen eta entitateen laguntza jaso du: Maierrena, Gernikako Kultur Etxearena, Muxikako Udalarena, Astrarena, Zure Alderena, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena, Laboral Kutxarena, eta Eroskirena.