Herriko kaleetan erakusketa ibiltaria jarri gura du Gernika-Lumoko Udalak
Argiztatutako hainbat panel dituen instalazio ibiltari bat erosiko du udalak, udalerriko memoria historikoari buruzko erakusketak zein udalerriko artisten lanak instalazio horretan nabarmentzeko. Apirilaren 26rako prest izatea gura dute.
Herriko kaleak aire zabaleko galeria bihurtu gura ditu Gernika-Lumoko Udalak. Horretarako, argiztatutako hainbat panel dituen instalazio ibiltari bat erosiko du udalak, udalerriko memoria historikoari buruzko erakusketak zein udalerriko artisten lanak instalazio horretan kokatzeko eta nabarmentzeko.
Instalazioak bi aldetako zortzi panel izango ditu guztira, eta panel horietan foru hiribilduaren iraganari eta bonbardaketari buruzko argazkiak erakustea da asmo nagusia, baita tokiko argazkilari, artista edota pintoreen lanak nabarmentzea ere. “Artistek euren lanen erakusketa bat erakutsi ahal izango dute, katalogo gisa, eta interesa dutenak eurekin harremanetan jarri ahalko dira”, azaldu du Gorroñok.
Galeria ibiltaria izango denez, herriko auzo desberdinetan erakusketak kaleratzea da asmoa. Beharrizanen edo gertaeren arabera, udaletxeko plazan, Pasealekuan edo Astrako aireko aterpearen ondoan instalatu ahal izango da erakusketa, baina baita udalerriko beste gune edo auzo batzuetan ere. Erakusketa ibiltaria denez, kultur etxekoan kokatzen diren lanekin ere uztartu daiteke, baita beste edozein erakusketarekin ere.
Zortzi panel horietan 16 irudi edota lan nabarmentzeko aukera egongo da; panel bertikalek 1,30 metroko zabalera eta 1,75 metroko luzera izango dute, eta, horizontalek berriz, altuera bera eta 2,20 metroko zabalera izango dute. Gauez argiztatuta egongo diren markoak izango ditu instalazioak, eta obren formatu desberdinetara egokitu ahalko dira panelak, aukera horizontal eta bertikalak aprobetxatuz.
Instalazioa eraikitzeko 62.760 euroko aurrekontua aurreikusi du udalak, eta espero du erakusketa ibiltaria bonbardaketaren 85. urteurrenaren oroimen egunerako prest izatea.