Kontseilu Sozialistak antolakuntza eskatu du sistema kapitalistak langileengan dituen ondorioak garaitzeko
Mobilizazioa deitu dute abenduaren 30erako; manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Gernika-Lumoko Merkurio iturritik hasita.
Busturialdeko Kontseilu Sozialistak ere bat egin du abenduaren 30erako deitutako mobilizazioekin. Manifestazioa egingo dute egun horretan, 19:00etan, Merkurio iturritik hasita. Hain zuzen, sistema kapitalistak langileeengan duen eragina eta ondorioak salatuko dituzte. Basakeria kapitalistaren aurrean antolakuntza indartu lemapean zeharkatuko dituzte herriko kaleak, hain zuzen, “lehian oinarritutako sistema kapitalistari berezia zaion biolentzia eta diru-metaketa beste ezeren gainetik” dagoela salatzeko.
Diotenez, eredu horrek ondorio larriak ditu langileengan, “biolentzia hori egunerokoan jasaten baitugu”. Gaineratu dute horren adibide direla aurten soldatapeko lanean erail dituzten langileak: 59 gutxienez. Horiez gain, gogoratu dute sistemaren biktima direla baita Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga igaro nahian hil diren migratzaileak (zazpi gutxienez), edota “gobernu aurrerakoiena den horren agindupean” eman diren ehunka etxegabetzeak, besteak beste.
Hori guzti hori garaitzeko, antolakuntza beharrezkoa dela dio Busturialdeko Kontseilu Sozialistak. Horretarako, abenduaren 30ean mobilizatzeko deia egin du, “basakeria kapitalistaren egiturazko izaera salatzeko eta aurten erailak izan diren langile klaseko kideak omentzeko”. “Basakeria” hori gainditzea “langileriaren antolakuntza independentea” indartzetik baino ez dela etorriko nabarmendu du Kontseilu Sozialistak.