Gernika ATko emakumezkoen 18 urtez azpiko taldea eta Alluitz de Bilbao, Euskadiko Txapeldun
Euskadiko Kros Txapelketa asteburuan jokatu dute Amurrion. 16 urtez azpikoen kategoriako txapela jantzi du Alluitz de Bilbao kortezubitarrak. Maria Goitiak, Jone Oar Artetak, Lucia Antxiak, Amets Antxiak eta Ane Zugazagak osatu dute 18 urtez azpikoen taldea.
Gernika Atletismo Taldekoak “esfortzu handiz lortutako bi txapelekin” bueltatu dira Euskadiko Kros Txapelketatik. Emakumezkoen 18 urtez azpikoen taldeak “ezustekoa” emanda lortu du garaipena, eta 16 urtez azpikoetan Alluitz de Bilbao kortezubitarrak irabazi du txapelketa.
Euskadiko Kros Txapelketa zapatuan [abenduak 11] lehiatu zuten Amurrion. Bilbaok gainontzekoekiko alde handia lortu zuela azpimarratu dute Gernika-Lumoko klubaren ordezkariek. Kotezubitarrak 7 minutu eta 35 segundotan amaitu zuen proba; 2.200 metroko krosa egin zuten 16 urtez azpikoek. “100 atletak baino gehiagok parte hartu dute Euskadiko txapelketan, lokaztutako zirkuitu batean, oztopo natural eta artifizial ugari tarteko. Taldearentzat gauzak ezin hobeto atera dira asteburuan. Bilbaok denboraldi honetan kros modalitatean onena dela erakutsi du, beste behin ere, 16 urtez azpiko kategorian. Proba honetako beste gernikarra, Diana Ileu, hogeigarren postuan sailkatu zen, 9 minutu eta 12 segundoko denboragaz”.
Maria Goitiak, Jone Oar Artetak, Lucia Antxiak, Amets Antxiak eta Ane Zugazagak osatu zuten 18 urtez azpikoen taldea. 4.200 metroko krosa egin zuten horiek. “Minutu asko itxaron behar izan zituzten epaileek parte hartu duten talde guztien puntuazioa batu arte. Ez zuten espero batuketak txapela emango zienik Euskadiko atletismo talde onenen aurrean. Kros denboraldi oso onaren saria jaso zuten; oso erregularrak izan dira, eta etengabe aritu dira lanean”, adierazi dute Gernika ATko kideek.
Gizonezkoen nagusien kategorian, Gernika-Lumoko taldea seigarren sailkatu zen; 10.200 metroko ibilbidea egin zuten. Ibon Bilbaok (37 minutu), Eneko Zabalak (38 minutu eta 13 segundo), Unai Lobatok (39 minutu eta 5 segundo) eta Markel Elexgaraik (39 minutu eta 43 segundo) ordezkatu zuten taldea.
Bestalde, 20 urtez azpiko kategorian, Iara Auzokoa 14. sailkatu zen; 20 minutu eta 24 segundotan burutu zuen 4.200 metroko lasterketa. Mutiletan, Oier Unamunok ere lasterketa “oso ona” egin zuen, eta zortzigarren sartu zen helmugan, 10 minutu eta 53ko denborarekin. Proba berean, Aimar Zugazaga hamazazpigarren sailkatu zen 11 minutu eta 17 segundoko markarekin.
18 urtez azpikoetan aritu ziren Jon Zugazaga eta Aitzol Unzueta. Zugazaga bosgarren helmugaratu zen (17 minutu eta 48 segundo) eta haren atzetik amaitu zuen Aitzol Unzuetak (23 minutu eta 7 segundo).