Egun batzuk beranduago baina Sollubeko mendizaleek jaiotza jarri dute Burgon
Abenduaren 8rako aurreikusita zeukaten irteera atzo egin zuten; tontorrean jaiotza jarri eta Gabon kantak abestu zituzten.
Sollube 707 mendizale taldekoek ez dute hutsik egin eta, aurten ere, jaiotza jarri dute Burgon. Abenduaren 8an joatekoak ziren, baina eguraldi txarragatik bertan behera utzi zuten irteera, eta atzo [abenduak 12] joan ziren. Atzokoan bai, eguraldia lagun izan zuten mendizaleek.
24 helduk, 14 umek eta 3 txakurrek egin zuten Bermeo eta Burgorainoko ibilbidea. Tontorrera igo eta jaiotza jarri zuten, eta Gabon kantak abesteko tartea ere hartu zuten. Aurten, hala ere, ez dute txistorra janik egin.